Zumaiako Moilaberriko zubia konponduko dute abuztura bitartean

Urola Kostako Hitza 2012ko uztailaren 10a

Zumaiako Udala Moilaberriko zubia konpontzen hasi da, herritarren «kezkak eta kexak» jaso ondoren; zubiaren arranpan eta sarbidean sortu dira arazo gehienak, Gorka Arregi udaleko arkitektoaak adierazi duenez. Ondorioz, arranpako egurra kendu egingo dute, eta horren ordez hormigoia jarriko dute. «Batetik, hezetasun pixka bateko egunetan lurzorua labainkorra bihurtzen da, eta produktu ezberdinekin irtenbidea ematen saiatu gara oraindaino; bestetik, arranplaetako egurra altxatzen hasi da, ez dakigu zergatik, baina egurra altxa eta koskak sortu dira, agian egurra ez da egokiena», adierazi du arkitektoak. Zubiko arazo nagusiak horiek badira ere, «bandalismo» ekintzak ere izan direla azpimarratu du Arregik. «Egun puntualetan egurrak hautsita agertu dira, baina hori ez da izan zubiaren akatsengatik». Udal Gobernuak gogorazi du pasa den asteburuan Mendaro Marinela kaletik zubira igotzeko eskaileretako egurra «errotik» atera zutela zati batean, eta jakinarazi du gastu horiek udalak ordaindu behar dituela; beraz, herritarrei «zentzuz» jokatzeko deia luzatu die. Atzo hasi zituzten Mailaberriko zubiko lanak, eta abuztuaren erdira iraungo dute konponketek. Bitartean, zubia ez dute itxiko, baina bidea estutu egingo dute hainbat tokitan. Zubia berritu zuen enpresak egingo ditu lanok.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide