Espainiako Kopako 3. proba izango da aurten Zumaia Flysch Trail mendi lasterketa

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2012ko uztailaren 10a

Uztailaren 22an Zumaian bilduko dira  Espainiako selekzio autonomikoetako goi mailako korrikalariak zein zaletuak.  Egun horretan jokatuko da IV. Zumaia Flysch Trail mendi lasterketa, 10:00etatik aurrera. Parte-hartzaileek 31,2 kilometroko ibilbidea egingo dute, Deba eta Zumaia arteko itsaslabarretan zehar. Lehiaz gain, ikuskizun paregabeaz gozatzeko aukera izango da beraz. Aipatu proba Espainiako Koparako—Euskadiko Kopako proba izan zen hasieran, eta iaz Euskadiko Txapelketakoa— puntuagarria izango da. Kopako lau probetatik hirugarrena jokatuko dute Zumaiakoa, eta antolatzaileek jakinarazi dutenez, beste erronka bat dute eskuartean: 2014rako Europako Kopako proba bat udalerrian jokatzea. Berrikuntzak Aurtengo proba ohikoaren antzekoa izango da. Mendiko ibilbidea mantendu egingo da gutxi gorabehera baina herriguneko zirkuituan hainbat berrikuntza egin dituzte. Hala, irteera eta helmuga Beheko plazan kokatu dituzte, eta Alde Zaharreko bidea pixka bat luzatu—700 metro gehiago iznago ditu senior mailakoek egin beharreko ibilbideak—. San Jose eta Odietatik pasatuko dira korrikalariak, aurrean doazenek azkenenekoak ez harrapatze aldera. 23 urtez azpikoen lasterketa ere luzatu dute: hiru kilometro gehiago izango ditu. Guztira, sei kilometroko ibilbidea egingo dute, ordu eta leku beretik abiatuta. Parte-hartzaileei dagokionez, goi mailako korrikalariak izango dira uztailaren 22ko hitzorduan Zumaian. Lehia guztien artean, «ziurrenik» Oihana Kortazar—2009ko Flysch Traileko irabazlea—  eta Ana Conderen —2010eko eta 2011ko mendi lasterketako txapelduna— artekoa izango da ikusgarriena, antolatzaileen arabera. Jakinarazi dutenez, Kortazar munduko korrikalari onena da eta Condek erakutsi du Zumaiako ibilbidera «oso ondo» egokitzen dela: «Azken hori elgetarrari irabazteko gogotsu dago». Estreinakoz lehiatuko dira Zumaian elkarrekin. Gehienez, 550 lagunek hartu ahalko dute parte Zumaiako mendi lasterketan. Dagoeneko 350 korrikalarik eman dute izena. Interesa duenek herrikrossa.com webgunearen bitartez eman dezakete izena. Lau omendu Urtero legez, aurten ere mendiari lotutako kirolariak omenduko dituzte probaren egunean. Alberto Iñurrategi, Mikel Zabalza, Juan Vallejo—ezingo du omenaldira bertaratu— eta Antxon Bandres senaren lana aitortuko duzte. Lehenenego hiruak, munduko mendi garaienetan hamaika gailur lortu ostean, iaz beste erronka bat gainditu zuten: Antartika mutur batetik  bestera zeharkatu zuten. Bandres Gipuzkoako Mendizale Elkarteko kidea ere gogoratuko dute, mendizaletasunaren alde egindako lanagatik. Proba hasi aurretik, ohorezko aurreskua dantzatuko diete, zinta moztu eta Txiki Agirre Keixeta artistak egindako eskultura berezia jasoko dute. Jasotzen duten dirua, berriz, Aspanogi Gipuzkoako Haur Minbizidunen Guraso Elkartera bideratuko dute. ------------------------------------------ Datu praktikoak -Proba. Zumaia IV. Flysch Trail lasterketa.  Espainiako Kopako lau jardunaldietako hirugarrena. -Noiz. Uztailaren 22an, igandean, 10:00etatik aurrera. -Ibilbidea. 31,2 kilometroko ibilbidea izango da, 1.588 mettroko gorabeherarekin.  Puntu altuena 223 metrora dago. Irteera eta helmuga Beheko plazan egongo dira. Pikote-Elorriaga-Arantza-Mendata-Txarturi-Uzkanga-Errotaberri eta Sorazu inguruan jardungo dute korrika. -Parte-hartzaile kopurua. Gehienez, 550 lagunek har dezakete parte. Oraingoz 350ek eman dute izena. Interesa dutenek herrikrossa.com webgunean eman beharko dute izena. -Denbora muga. Lau ordu eta 40 minutu. -Omenduak. Alberto Iñurrategi, Mikel Zabalza, Juan Vallejo eta Antxon Bandres mendizaleak omenduko dituzte aurten. Egitaraua. Uztailak 21, larunbata. -08:45. Indamendi elkarteak antolatuta, ibilbidea ezagutzeko martxa abiatuko dute Kutxa aurreko plazatik. - 19:00. Aurkezpen teknikoa, Alondegian. Ibilbidea eta bestelako informazio teknikoa emango dute. Uztailak 22, igandea. - 09:30. Korrikalariak, dortsalen arabera, irteera puntura gerturatuko dira. -09:45. Omenaldia. -09:55. Korrikalariak irteera marran jarriko dira. -10:00. Irteera. -13:00. 23 urte azpiko maialako sari banaketa. -13:15. Senior mailako sari banaketa. -Jarraian. Beterano mailako sari banaketa. Informazio gehiago. www.zumaiaflyschtrail.com.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide