Zumaia Salegi Jatetxea Euskotren Ligan sailkatu da

Urola Kostako Hitza 2012ko uztailaren 9a

Eskotren Ligan Zumaia eta Getaria-Tolosa ontziak lehiatuko dira aurtengo denboraldian; Zumaia Salegi Jatetxeak pasa den asteburuan lortu du horretarako plaza, eta ligako lehenengo postuan dira zumaiarrak, getariarrekin berdinduta; bi taldeek hamabina puntu dituzte. Orioko neskak, berriz, ligatik kanpo geratu dira, sailkapen orokorrean bosgarren postuan geratu ondoren. Larunbatean eta igandean egin zituzten Euskotren Ligan sailkatzeko probak, eta larunbatean Zumaiak nagusitasunez irabazi zuen Portugaleteko (Bizkaia)Kutxabank Bandera. Haize gogorraren aurka lehiatu ziren ontziak, eta zumaiarrek (12:42,36) hamazazpi segunduko aldea atera zien getariarrei. Orio, berriz, 44 segundutara iritsi zen helmugara; atzo, berriz, Zarauzko Eusko Label bandera jokatu zen, eta hirugarren postuan sailkatu zen Zumaia Salegi Jatetxea, Getaria-Tolosaren atzetik. Lehia estua izan zuten lehenengo lau traineruek, guztiek ere hiru segundotaren baitan amaitu baitzuten saioa. Orduan ere Oriok bosgarren postuan amaitu zuen estropada. Hori hala izanik, Zumaiak izan du sailkapen estropadetan puntuazio altuena; Galizia eta San Juan ere sailkatu dira Euskotren Ligan, eta Getaria-Tolosa izan da laugarren sailkatua; honek, ordea, iaz ziurtatu zuten aurtengo denboraldian lehiatzeko txartela, Euskotren Liga irabazi baitzuten orduan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide