Senideak, urkoak, lankideak, sindikatutako ordezkariak, Zumaiako Udal Gobernuko kideak.... Ehunka lagun bildu ziren atzo 11:00etan Okinen atarian, Gorka Ramos zumaiar gaztea gogoratzeko.
Lan istripu gehiagorik ez! zioen pankartari eutsiz, orduerdi pasatxoko elkarretaratzea egin zuten Jose Mari Korta industriaguneko enpresaren kanpoaldean, herenegun gertatutakoa salatzeko.
Ikerketaren emaitzen zain jarraitzen dute oraindik. Osalan Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeak Ramos nola hil zen aztertzen dihardu; segurtasun kamerek grabatutako ikuskatzen ari da, besteak beste. Enpresako hondakinak edukiontzira botatzen ari zela hil zela egitaztatu dute, baina oraingoz ez dute argitu askara erori zen, ala bere kabuz sartu zen. Izan ere, kamerek ez zuten jaso aipatu ontziaren barruan zer gertatu zen.
Era berean, ezin izan dute ziurtatu gas toxikoa arnastuta zendu zen ala ez. Ogi hondakinak fermentatzerakoan sortutako gasa arnastuta hil zela da hipotesietariko bat, eta gas-ihesen bat egon ote zen aztertzen ari da erakundea. ELAko ordezkari Zigor Gaspiok elkarretaratzearen ostean esan zuenez, ikerketak gehienez hilabete pare bat iraun dezake.
Ardura eske
Iñaki Benavente Langile Batzordeko lehendakariak ikerketaren jarraipena egingo dutela ohartarazi zien elkarretaratzean bildu zirenei, eta informazioa izan orduko jakinaraziko dutela, «dagokienari ardurak eskatzeko».
Horrez gain, Eusko Jaurlaritzari eta gainontzeko instituzioei «ahalik eta baliabide gehien» prebentziora bidera ditzaten eskatu zien, «herenegun jazo zen ezbeharra berriz errepika ez dadin».
«Langileok gara Euskal Herriko oraina eta etorkizuna. Hori dela eta, merezitako errespetua zor zaigu eta mugarik gabeko baliabideak behar ditugu», nabarmendu zuen.
Elkarretaratzearen ondoren, 14:00ak aldera ekin zioten beharginek lanari; herenegun 24 orduz enpresako jarduera etetea erabaki zuen langile batzordeak, hilberriaren familiari eta urkoei errespetua agertzeko.
Hileta, berriz, arratsaldeko 19:00etan egin zuten, Zumaiako San Pedro Parrokian. Aurrez, Ramosen omenezko hormairudia egitekoak ziren, 17:00etan Herri Eskolak Aita Marin duen eraikinaren atarian, haren lagunek deituta. Ondorioz, atzo arratsalderako deituta zeuden bi saio bertan behera utzi zituzten, Inpernupeko joareen saioa eta Kultur Mahaiarena. Aurrerago egingo dituzte.
Langile bat erietxean
Herenegun Ramosi laguntzera gerturatzean zauritu ziren hamaika langileetako batek erietxean jarraitzen du. Donostiako ospitalean dago, zaintza berezien gunean.
Urola Kostako Hitza-k jakin duenez, «hunkituta» dago, baina «egonkor». Sendagileak hainbat proba egiten ari zaio, ondoeza zerk eragin zion argitzeko.
Oraingoz, ez dute konfirmatu Okin enpresako langilea metano gasa arnastuta zauritu zen ala ez. Segurtasun kamerek grabatutako irudiek, ordea, langileak edukiontzira hurbiltzean lurrera erori zirela jaso dute. Zarauzko bizilagunaz gain, beste hamar langile ere zauritu ziren baina herenegun arratsaldean jaso zuten senda agiria.