Lizeaga: «Hasieran, ez nuen sinetsi ere egin aske utziko nindutenik»

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2012ko uzt. 3a, 07:13

[caption id="attachment_47854" align="aligncenter" width="350" caption="Lizeaga Zumaiara iritsi berritan, ostegun gauean, herritarrek egin zioten ongietorriko une bat (Argazkilaria: Gorka Zabaleta / Baleike)"]Lizeagaren ongietorria[/caption] «Pozez» dago Beñat Lizeaga; izan ere, dagoeneko etxean da, aske. Ostegun gauean heldu zen Zumaiara, eta herritarren berotasunarekin egin zuen topo. Gaztetxean egin zioten lehenbiziko harrera, eta Inpernupera jo zuen gero, herritarrek lagunduta, haren argazkia hormatik kentzera. Aurreskua eta bertsoak izan ziren gerora Kofradian, gazteari ongietorria emate aldera. Lizeagak 615 egun eman ditu etxetik kanpo. 2010eko urriaren 22an ihes egin zuen herritik, Segi gazte mugimenduaren aurkako polizia operazioa zela-eta. Izpuran (Nafarroa Beherea) itxialdian egon zen aurrena, eta hamasei hilabetez preso gerora, Seysseseko (Okzitania) espetxean lehenbizi eta Aranjuezkoan (Madril, Espainia) ondoren. Lagun preso politiko baten bidez jakin zuen zumaiar gazteak berri ona. Lagun horren amak esan zion telefonoz aske utziko zutela, eta hark segituan jakinarazi zion Lizeagari. «Duela bi aste egin zuten eskaera, eta hori bideratzeko hilabete pare bat emango zituztela uste genuen. Ni aske uzteko agindua lehenago iritsi da, ordea. Hori dela eta, hasieran ez nuen sinetsi ere egin aske utziko nindutenik», nabarmendu du. Berria jaso bezain pronto hainbat izen etorri zitzaizkion burura  Lizeagari. UROLA KOSTAKO HITZA-ri jakinarazi dionez, preso politiko guztiekin gogoratu zen une horretan, eta Aranjuezko espetxean utzi dituen haren lagun Asier eta Enekorekin. Baina, bereziki, Patxi Aristi herrikideaz oroitu zen: «21 urte preso daramatzan arren, ez du duintasuna galdu». Ongietorria, larunbatean Datorren larunbatean, hilaren 7an, egingo diote herrikideek ongietorria Lizeagari. Egitarau betea antolatu dute egun horretarako, ospatzeko aukerarik falta izan ez dadin. Goizetik hasita, Inpernupeko Joareak izango dira Zumaiako kaleetan zehar. 14:30ean bazkaria egingo dute Beheko plazan. Bertan parte hartu nahi dutenek Inpernupe tabernan eskuratu ahalko dituzte txartelak. Ikasle eta langabetuek 10 euro ordaindu beharko dituzte; gainontzekoek, berriz, 15 euro. Bazkalostean, berriz, kantu herrikoiak izango dira. Arratsaldean, 18:30ak aldera,  manifestazioa abiatuko dute, Euskal preso eta iheslariak herrira! lelopean. Jarraian, ekitaldia izango da Beheko Plazan. Gerora, tinbalada egingo dute kaleetan zehar, eta gauean, kontzertuak izango dira Kofradian. Bellator eta Karma taldeak taularatuko dira, eta bertsioak ere eskainiko dituzte, besteak beste.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide