Zumaiako Udal Gobernuak legealdiko "oinarriak" finkatu ditu lehenengo urtean, Iñaki Agirrezabalaga Zumaiako alkateak adierazi duenez. Udal gobernuak urtebeteko balorazioa egin du, eta gobernu "sendoa" osatuta, "helburuetara iristeko" lanean ari direla azpimarratu du. Herritarren parte hartzetik abiatuta, hainbat ekimen jarri dituzte abian. Hala nola, aurrekontuak osatzeko parte hartze prozesua egin zuten, eta azken hilabeteetan arlo desberdinetako mahaiak sortu dituzte. "Udala herritartu nahi dugu, zumaiarrek udala bere sentitzea eta herritarrak erabakiguneetan egotea nahi dugu", adierazi du Agirrezabalagak.
Urtebeteko jarduerak egungo egoera ekonomikora "egokitu" dute. Udalaren egoera ez dela "ona" adierazi du alkateak, baina "oreka ekonomikoa" lortzeko eta Zumaia Lantzenen likidezia arazoari irtenbidea emateko lanean ari direla jakinarazi dute.