Biotopoa: behin betiko pausoa

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2012ko ekainaren 22a

2009an Zumaia eta Deba arteko  kostaldea biotopo izendatu zutenetik, urtean 40.000  bisitaritik gora gerturatzen da gune natural horrek eskaintzen duen aberastasuna bertatik bertara ezagutzera. Hori arautu eta bisitariei azpiegitura aproposak eskaintze aldera, Gipuzkoako Foru Aldundiak Flysch biotopoa gidaliburua kaleratu berri du, informazio zientifikoaz gain, biotopoaren inguruko informazio praktikoa modu dibulgatiboan eskaintzeko. Liburuaren bitartez, higadura sahiestearekin batera, bisiten eragina gutxitu eta bisitaria interes gune nagusietara bideratu nahi da.  «Paisaiak bere horretan txunditu egiten du turista. Orain mezuak liluratu behar du. Bertako bioaniztasuna beste lekutan ez dela  aurkitzen jakinarazi behar da», nabarmendu zuen Asier Hilario geologoak, eta biotopoko zuzendari zientifikoak. Hain zuzen, Hilariok osatu du liburua, 12 zientzialariren eta beste hainbat arlotako profesionalen laguntzarekin. Atzo aurkeztu zuten Zumaiako Algorri Interpretazio Zentroan, eta Berrikuntza Landa Garapena eta Turismoko diputatu Jon Peli Uriguen, Zumaiako La Caixa bulegoko zuzendariorde Agirregomezkorta, Zumaiako alkate eta Geoparkeko zulehendakari Iñaki Agirrezabalaga, Debako alkateorde Maider Zubikarai eta Hilariok berak hartu zuten parte ekitaldian . Tolosarrak jakinarazi zuenez, biotopoan «behin betiko pausoa» eman da gidaliburu horrekin. «Flysch-ak ohiartzun handia izan du azken urteotan, arlo zientifikoan, gehienbat, nazioartean erreferente bihurtzeraino. Azken bi urtetan hainbat pauso eman dira geoparkea ezagutarazteko eta gidaliburu hau da behin betiko pausoa». Zentzu guztietan gozatu Biotopoa «zentzu guztietan gozatzeko» ibilbide tematikoak proposatu ditu Hilariok liburuan. Guztira, zailtasun maila askotako bost ibilbide bildu ditu: Algorri, Elorriaga, Sakoneta, Lapari eta Talaia. Ibilbide horiek, guztira, 21 kilometroko bidea osatzen dute. Horiek egokitu egin dituzte erabilpen publiko segurua bermatzeko, beti ere ingurua errespetatuz. «Natur kontserbazioa modu ezberdinetara ikus daiteke, baina kontserbazio horrek dinamikoa behar du izan. Jendeak gunea erabili egin behar du, gozatu», nabarmendu zuen geologoak: «Neurri batean gidaliburu hau izan daiteke erremintarik eraginkorrena».  Lekua  «kaltebera» izaki, ahalik eta gutxien esku hartu dute ingurunean: biotopoak dituen 20 kilometrotik 100 metro soilik atxurtu dituzte, zazpi bat langa berri jarri eta zenbait igarobide egokitu. Ibilbide horietan 38 interes puntu markatu dituzte, eta biotopoko behatoki ikusgarrienetan bost panel kokatu . Ibilbide bakoitzaren hasieran, gainera, gune bakoitzaren mapa eta informazioa biltzen dituen  panel bana aurkituko dute bisitariek aurrerantzean. Bestalde, liburuak gune naturalaren inguruko bestelako informazioa ere eskaintzen du, klima, ozeanografia, landa eremuko paisaia, kultura eta geomorfologiaren inguruan, besteak beste. Geologia da, ordea, gehien jorratzen duen gaia, arroka motak, lurraren historia eta dinosauroen desagerpena, esaterako. Horrez gain, itsasertzeko gune babestua autoz bisitatu ahal izateko hainbat zehaztasun ere bildu dituzte Flysch biotopoa gidaliburuan. Gaurtik salgai Gaurtik aurrera eskuratu ahalko da mendi gida, euskaraz zein gaztelaniaz. Algorri Interpretazio Zentroan izango da salgai, eta baita Zumaiako eta Debako turismo bulegoetan zein ohiko saltokietan. 12 euroko kostua izango du. Horrekin batera, biotopoaren oinarrizko informazioa biltzen duen liburuxka ere banatuko da bisitarien artean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide