Hernani Errotzen Memoria Historikoa Kultura Elkarteak, Zumaiako Udalaren laguntzarekin, Nabarrherri Topaketak antolatu ditu datozen egunetarako, Euskal Herriko ondare kulturala eta historikoa berreskuratzeko asmoz. Kultur elkarteak Nabarralde ekimenaren ideologia sustatzen du, eta Nafarroaren Konkistaren 500. urteurrenean, euskal kultura eta nafar identitatea uztartuko dituzte Zumaiako Amaia Plazan, aisialdiaren bidez; «nazio kulturala eta politikoa txanpon beraren bi aurpegi dira, eta nazio politikoa Nafarroa da. Frogatuta dago, inoiz Europan egitura politiko bat izan badugu, Nafarroaren Erresuman izan dugula», adierazi du Iñigo Gallartzagoitiak, antolatzaileetako batek. Hori hala izanik, «memoria historikoa» indartuko dute, hitzaldi, antzerki eta musikaren bidez.
Ostiralean hasiko dira topaketak, eta herritarrak erakartzeko asmoz, marinel azoka zabalduko dute; bertan herrialde desberdinetako 70 artisautza postu eta beste hainbat produktu jarriko dituzte salgai eta erakusgai. Bretainia, Herrialde Katalanetako, Andaluziako, Asturiaseko, Ajeriako eta Nafarroako ekoizleak izango dira kulturarteko azokan. Horrez gaiz, hitzaldiak, antzerkiak eta musika saioak izango dira igandera bitartean.