Merkataritza Astean Zumaian egindako erosketak sarituko dituzte

Urola Kostako Hitza 2012ko ekainaren 12a

Zumartian Zumaiako ostalari eta merkatarien elkarteak II. Merkataritza astea antolatu du, eta larunbatera bitartean hainbat ekintza izango dira; hala, herrian erosketak egiten dituztenak sarituko ditu elkarteak, Zumaian bizi, Zumaian erosi filosofiaren baitan. Atzo hasi zen Merkataritza Astea, eta ostiralera bitartean egiten dituzten erosketetan deskontu txartelak lortzeko aukera izango dute herritarrek; erosketa bakoitzarengatik 3000 eurotan baloratutako deskontu txartelak lortu ahal izango dituzte. Halaber, hogeita bost euro baino gehiago gastatzen dituztenek erosketa lasterketan parte hartzeko zozketan sartuko dira. Merkataritza Asteko egun nagusia, ordea, larunbatean ospatuko dute; besteak beste, Braderie egingo dute, eta merkatariek euren produktuak kalera aterako dituzte egun guztian zehar. Gainera, astean zehar egindako erosketekin, eta, beraz, orduan lortutako deskontu txartelekin erosketak egiteko aukera izango dute. Deskonturik lortu ez dutenek ere izango dituzte aukera bereziak, ordea; izan ere, larunbatean Braderie-n erosketak egiten dituztenek %5eko deskontuak izango dituzte, Zumaiako merkatarien txartela erakutsiz gero. Erosketa lasterketa ere egun horretan egingo dute; zozketan parte hartuko dutenetik bi lagunek izango dute ekimenean parte hartzeko aukera. Irabazleek ostiral gauean deituko diete, lasterketan parte hartuko dutela esanez. Larunbatean, 11:30ean hasiko da lasterketa, eta ordu eta erdiko tartean 500 euro gastatu ahal izango dute; gainera, denda bakoitzean 100 euroko gastua egin ahal izango dute. Aurreko urtean bezala, kaleak girotuko dituzte larunbatean, herritarrak kaleak girotu dezaten; umeentzako jolasak, puzgarriak, txapa tailerrak, ohe elastikoak eta zezen mekanikoa jarriko dituzte, eta bertaratzen diren umeei aurpegiak margotuko dizkiete. Erribera kalean, Amaia plazan, Kantauri plazan eta Victoriano Arrate kaleetan izango dira jolasak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide