Zumaiako Xey enpresako langileek greba mugagabea hasi dute gaur, zuzendaritzak ezarri nahi dituen lan baldintza berriak salatzeko; zuzendaritzak ELA eta UGT sindikatuekin adostuta duen akordioa bertan behera uzteko asmoa duela adierazi du Bittor Bengoa LABeko ordezkariak; akordioak bi aldeen arteko lan harremanak zehazten ditu, eta, langileen esanetan, Espainiako Gobernuak egin dituen lan erreformen ondorioz, "zuzendaritzak nahi badu, hitzarmena bertan behera utzi dezake, eta gainera legeak babestu egingo du".
Neurri berriek langileak "pobreziara" eramango dituztela salatu dute beharginek; soldatak %30 jaitsiko dizkiete, eta Bengoaren arabera, hilero 700-800 euro jasoko dituzte. Horren eraginez, jubilazio garaian ere "txirotasuna" pairatuko dutela jakinarazi dute, Gizarte Segurantzan kotizatuko dutena soldata berriei dagozkionak izango direlako. Era berean, lan orduak %10 igoko dizkiete, eta lanaldi osora itzuliko dira langileak, orain arte %10 ordu gutxiagoz jarduten baitzuten. Ondorioz, langileak LET Lan Erregulazio Txostenera "betikotuko" dituztela salatu dute.
Langileen arabera, zuzendaritzak adierazi du 2008tik izan dituzten "galeren" ondorioz hartuko dituztela neurriak. Beharginen ustez, ordea, baldintza berriak "ez dira izango irtenbide", eta enpresaren bideragarritasun plana aurkezteko eskatu diote zuzendaritzari; "arazo hau konpontzeko zeuzendaritzak zer pentsatu duen jakin beharra dugu".
Langileek pasa zen astean erabaki zuten grebarekin hastea, %87ren aldeko botoekin. Joan zen ostiralean PRECO bitartekaritza enpresaren arbitrajera joan zirela; Bengoaren esanetan, zuzendaritzak mahai gainean jarri nahi dituen neurriekin "negoziatu" nahi du, baina langileak ez daude horretarako "prest". Hori hala, neurri berriak "kentzeko" eta beste proposamen bat egiteko eskatu diote zuzendaritzari.