Zumaiako Artadi auzoan egingo dituzten 32 etxebizitzetan izena emateko epea hilaren 11n zabalduko da, eta uztailaren 1era bitartean aurkeztu ahal izango dira instantziak. Hamabost etxebizitza udal babesekoak izango dira, eta horietako bat mugikortasun iraunkor mugatua dutenentzat egokituko dute; gainontzekoak, berriz, libreak izango dira.
Etxebizitzak eskuratzeko hainbat baldintza bete beharko dituzte; batetik, horretarako beharra dutela frogatu beharko dute. Hau da, ezin dute etxebizitzen jaberik izan. Horrez gain, azken bi urteetan Zumaian erroldatuta egon behar dute, edo azken hamarkadan bost urtetan Zumaian bizi izandakoak dira zozketan parte hartuko dutenak. Horiek gutxienez 25.000 euroko diru sarrerak izan beharko dituzte, eta gehienez 58.500 eurokoak. Azkenik, azken bi urteetan babes publikoko etxebizitzen zozketetan etxebizitza suertatu ez zaiona izango da eskaintzan parte hartuko duena.
Herritarrek eskaera orriak eta dokumentazioa udaletxean aurkeztu beharko dute. Etxebiden tasatutako etxeak eskuratzeko alta emana dutenek, ordea, ez dute ezer aurkeztu beharrik, eta zozketan zuzenean sartuko dira. Hala ere, alta emanda daudenek eta Artadiko etxebizitzak ez baldin badituzte nahi eskuratu, instantzia aurkeztu beharko dute udaletxean. Etxebiden izena edo alta emanda ez dutenek, berriz, alta eman edo dokumentazioa eta eskaera orriak aurkeztu beharko dituzte udaletxean.
Udalak, etxebizitzak sustatzeaz gain, San Migel auzoko ur hornidura eta telekomunikazio arazoak konponduko ditu.