Atez atekoaren aurkako plataformak sinadura bilketa hasi du Zumaian

Urola Kostako Hitza 2012ko maiatzaren 22a

Zumaiako herritar talde batek atez ateko ereduaren aurkako plataforma sortu du, birziklapena bai, atez atekorik ez izenpean, eta sinadura bilketa jarri du abian. Taldearen ustez, eredu hori «osasungaitza, antiestetikoa eta deserosoa» da, eta herritarren «eredu pribatua urratzen du». Atzo aurkeztu zuten egitasmoa, eta Alondegiko Oxford aretoa txiki geratu zen. Herritar ugari inguratu zen taldearen nondik-norakoak entzutera, eta sinadurak egiteko ilara luzeak ere sortu ziren. Taldeak egun martxan dagoen bost edukiontzien sistema defendatu du. "Badakigu beharrezkoa dela herritar guztiok sortzen ditugun hondakinak sailkatzen saiatzea, Zumaiako Udalak eta Urola Kostako Udal Elkarteak ere beharrezkoa dute bidezko hondakin organikoen bilketari bultzada ematea". Horrez gain, herritarrei zuzendutako informazioa eta kontzientziazio kanpainak behar direla azpimarratu du taldeak: "Ziur gaude, modu horretan, birziklatze maila handituko dela". Zumaiako Udalak "inposatu" nahi duen atez ateko ereduaren aurka dauden herritarren "iritzia" helarazteko asmoz sortu dute taldea. Beraz, sinadurak biltzeko prestatu dituzten orrietan honakoa adieraziko diote alkateari: Zumaia bezala, nire sinaduraz atxikimendua adierazten diet ondoren zehazten diren puntuei: 1. Udalari eskatzen diot gure hondakinen gaikako bilketa eta birziklapena bultzatzen jarraitzeko edukiontzien bitartez. 2. Sortzen ditudan hondakinak birziklatzeko konpromisoa hartzen dut, eta udalari eskatzen diot egitasmo eta neurri berriak martxan jartzeko, herritarren heziketa eta kontzientziazioa hobetzeko, perebentzioaren eta birziklapenaren inguruan. 3. Zumaian zabor bilketarako atez ateko bilketa sistema ezartzearekin ez nator bat. Aurrerantzean ere, taldeak sinadurak biltzeko mahaiak jarriko ditu hainbat puntutan. Hala nola, Erribera kalean, merkatuan, Artadi inguruan, Arrondon eta Oikian jartzeko asmoa azaldu dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide