Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Zumaiako Txirrindulari Elkarteak eta Zumaiako Udalak antolatuta, Arritokietara Igoera Mendi Bizikletaz proba egingo dute datorren larunbatean, hilak 26an, eta bertan parte hartzeko izena emateko epea ostegunean amaituko da. Zumaiako Turismo Bulegoan inskribatu daiteke, dohainik. Txirrindulariak 10:00etan abiatuko dira Beheko Plazatik, eta handik Andika baserriraino joango dira; bi kilometro egingo dituzte parte hartzaileek, erlojuaren kontra. Nagusien proba, berriz, 11:30ean hasiko da. 09:30ean, ordea, antolatzaileek dortsalak banatuko dizkiete parte hartzaileei.
Sei maila lehiatuko dira larunbateko lasterketan; benjaminak 10:00etan hasiko dira, eta horiek gimkana modalitatean lehiatuko dira; Alebinak berriz, ordubete geroago ekingo diote lasterketari, eta infantilen, kadeteen, nagusien eta beteranoen proba 11:30ean hasiko da.
Txirrindulariek derrigorrezkoa izango dute kaskoa erabiltzea, eta antolatzaileek mediku azterketa gomendatzen die parte hartzaileei. Halaber, antolakuntzak Ardura Zibileko asegurua eta DYAren laguntza izango du.
Sariei dagokienez, lehenengo postuetan geratzen direnek garaikurra izango dute, eta sari banaketa lasterketa amaitu ondoren egingo dute. Informazio gehiago Lubaki kiroldegian (943-86 20 21) edo Turismo Bulegoan (943-14 33 96) aurkitu daiteke.