Aste Berdeko Argazki Rallya egingo dute hilaren 19an, Zumaian

Urola Kostako Hitza 2012ko maiatzaren 11

Zumaiako Aste Berdeko Argazki Rallya egingo dute maiatzaren 19an. Haurrek eta helduek hartu dezakete parte Argazki Rallyan; helduek Forondan inskribitu ahal izango dute egunean bertan, 08:00etatik 09:00etara bitartean; haurrek, berriz, aldez aurretik edo egunean bertan, 10:00etatik 11:00etara bitartean izango dute izena emateko aukera, Algorri Interpretazio Zentroan. Helduei dagokienez, edozein zaletuk hartu dezake parte, eta jorratu beharko duten gaia egunean bertan emango zaie. Argazkilariek izango duten eremua mendi ibilbidea izango da, eta izena ematen dutenean emango diete mapa. Halaber, izena ematerakoan bost euro ordainduko dute. Argazki digitalak koloretan eta jpg formatuan atera beharko dituzte. Argazkilariek sei argazkik osatutako bilduma aurkeztu beharko dute, eta kontrolerako bi argazki gehiago eman beharko dituzte. Argazki horiek ez dira puntuagarriak izango, baina nahitaezkoa izango da aurkeztea. Horretarako, maiatzaren 23a baino lehen asteberdea2012@gmail.com helbidera mezua bidali behar dute, eta argazki bakoitza zein gairi dagokion adierazi behar dute. Egunean, bertan, ordea, argazkiak 13:30eatik 14:30eara bitartean deskargatuko dituzte, Forondan. Lehenengo 50 argazkiak hartuko dituzte kontutan lehiaketarako. Sariei dagokienez, bilduma onenak 250 euro eta garaikurra jasoko ditu; bigarren saria 150 eurokoa izango da, eta hirugarrena 100 eurokoa. Argazki onena, berriz, 100 eurokin sarituko dute. Haurren kasuan, zortzi eta 16 urte bitartekoek hartu ahal izango dute parte. Zumaiako animaliak edo landareak jorratuko dituzte horiek, herriko herrigunean. Horiek ere argazki digitalak, koloretan eta jpg formatuan aurkeztuko dituzte lanak. Haur bakoitzak sei argazki aukeratuko ditu, eta Algorrin deskargatuko dituzte, 12:30eatik 13:30eara bitartean. Gai bakoitzeko bilduma onenak argazki kamera digitala jasoko du. Bi modalitateen sari banaketa ekainaren 7an izango da, 19:00etan, Zumaiako Alondegian, eta aurretik aukeratutako lanak eskainiko dituzte. Helduen eta haurren modalitatean, Zumaiako Udaleko Ingurumen Batzordeak izendatutako batzordeak osatuko du epaimahaia. Udalaren arabera, argazkigintzan adituak izango dira horiek, eta horien erabakia "apelaezina" izango da. Sari banaketa ekitaldia Ingurumen Eguneko ekintzen barruan egingo dute. Izan ere, ekainaren 5ean Nazioarteko Ingurumen Eguna ospatuko da, eta ekainaren 2tik 10era ekitaldi ugari izango dira herrian.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide