Gipuzkoako Bertso Eskolen VIII. Egunak Zumaian izango du hitzordua aurten, eta herrialde osoko 300 haur eta gaztetxo elkartuko dira igandean, guztien artean «harremanak sendotzeko» eta elkar ezagutzeko asmoz. Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak egun osoko egitaraua antolatu du ordurako; 10:30ean Zumaiako plazan elkartuko dira bertsolari guztiak; 10:45ean, berriz, kaleetan zehar Lip Dub-a grabaktuko dute. Eguerdian, bazkaltzeko tartetxo bat hartu ondoren, 14:30ean jolas bereziak egingo dituzte.
Arratsaldean jarraituko dute ekintzek; 16:00etan bertso trama berezia egingo dute Zumaiako Maria eta Jose ikastetxean; Beñat Gaztelumendi, Maialen Lujanbio, Jon Maia eta Aitor Sarriegi bertsolariak arituko dira kantuan, eta Josu Goikoetxea gai jartzaile lanetan arituko da. Bertso trama amaitzean, gainera, goizean grabatutako bideoa ikusteko aukera izango dute bertaratzen direnek, eta 18:00ak inguruan amaituko dute Gipuzakoako Bertso Eskolen eguna. Antolatzaileek adierazi dute ekintza guztiak herritarrentzako irekiak direla.