Zumaiako Udalak I. Zuloaga plaza inguruan galtzadako zuloak eta bestelako kalteak konponduko ditu hurrengo astetik aurrera. Faseka egingo dituzte konponketak; astelehenetik aurrera, Txomin Agirre Kaiatik Bonifazio Etxegarai kalearen artean arituko dira lanean; bertan autoentzako igarobidea estutu egingo dute, eta obrek irauten duten bitartean aparkalekuak kendu egingo dituzte. Halaber, taxiak Udaltzaingoaren egoitzara lekualdatuko dituzte. Behin zati hori amaitutakoan, hogei egunetan ezin izango da galtzada zapaldu, bidarria "ondo egonkortu" dadin. Hala ere, ez dute trafikoa moztuko, eta ibilgailuek pasatzeko aukera izango dute.
Bigarren fasean, berriz, Erribera kale amaieratik Udaltzaingoaren egoitzaren arteko zatia konponduko dute. Tarte horretan ere hogei egun beharko dira galtzada egonkortzeko, baina kasu horretan trafikoa itxi egingo dute. Hori hala, Bonifazio Etxegarai kaletik doazen ibilgailuak Txomin Agirre kaiara bideratuko dituzte. Hala, trafikoa norabidez aldatuko dute. Tarte horretan jarriko dituzten hesiak errespetatzeko dei egin Udalak herritarrei.
Martin Irigoien enpresak 60 metro kuadroko eremua konponduko du guztira; horretarako 11.000 euro inguru inbertituko ditu Zumaiako Udalak, BEZa aparte.