Zelaiko zuzendaritzaren kontra salaketa jarri dute langileek, kaleratzeengatik

Urola Kostako Hitza 2012ko apirilaren 16a

Zumaiako Zelai talasoterapia zentroko langileek zuzendaritzaren kontrako salaketa jarri dute, kaleratzeak medio. Egoitzaren «iruzurrezko itxiera» salatu dute, zuzendaritzak Espainiako Gobernuak onartu duen lan erreforma «aitzakiatzat» hartu duelakoan. Hori hala, kaleratze orokorraren eta itxiera patronalaren aurkako salaketak jarri dituzte langileek Donostiako epaitegian. Zigor Gazpio Zelaiko ELAko ordezkariak epaiketa datozen asteetan hasiko dela aurreikusten du. Zuzendaritzak martxoaren 28an itxi zuen talasoterapia gunea, eta bertan lan egiten zuten behargin guztiak —hogei langile finko— kaleratu zituzten. Gazpiok nabarmendu duenez, «zuzendaritzak bazituen bestelako irtenbideak», baina «langileen greba eskubidearen aurka» egin du. Langileek pasa zen otsailetik lanuzteak egin dituzte asteburuetan, baina zuzendaritzak itxiera patronalarekin erantzun zion hainbat kasutan. Gazpioren ustez, zuzendaritzak «mendeku» bezala hartu du erabakia.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide