Darahli egitasmoa aurkeztuko du Zumaiako elkarteak bihar

Urola Kostako Hitza 2012ko martxoaren 22a

Zumaiako Darahli elkarteak aurtengo proiektuaen aurkezpen ofiziala egingo du bihar, Alondegiko Oxford aretoan, eta urtean zehar egingo dituzten ekimenen nondik norakoak azalduko dizkie herritarrei. Izan ere, hurrengo ostiralean Tindufeko (Aljeria) errefuxiatu kanpamendura bidaia egingo dute, bertan bizi diren sahararrei laguntza emateko asmoz. Hala, biharko aurkezpenean Darahli egitasmoaren zehaztapenak plazaratuko dituzte; errefuxiatu kanpamenduetara joango diren gazteen gurasoei 18:00etan emango dizkiete azalpenak; bertan, herrialde horretara joateko bisa, itzulera orduak, eguneko egitaraua, eraman beharreko gauzak eta bestelako informazioa eskainiko diete; 19:00etan izango da aurkezpen ofiziala, eta bertan, Iñaki Agirrezabalaga Zumaiako alkateak ere hartuko du parte; horrez gain, Frente Polisarioko kideek eta hainbat sahararrek egun bizi duten errealitatea azalduko dute. Darahlik hirugarren aldiz egingo du errefuxiatuen kanpamenduetara joan-etorria; aurtengoan, 60 zumaiar inguru joango dira; horietatik 42 Zumaiako institutuko eta Maria eta Jose ikastetxeko ikasleak izango dira, eta elkarteko kideek, Zumaiako Udaleko bi zinegotzik eta herriko mediku batek lagunduko diete. Aurtengoan, gainera, Senidetze kanpainan parte hartu duten sei familia ere joango dira, eta azken urteetan lagundu dituzten familiak ezagutuko dituzte, «horien arteko harremana sendatzeko asmoz».Oraingoan, zumaiarrek Zug herriko udaletxea margotuko dute, eta bertan erabilera anitzeko gela bat sortuko dute. Horrez gain, antzerkiak eta bestelako saioak ere eskainiko dizkiete.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide