Harremanak dira ardatza aste honetan Aita Mari antzokian taularatuko dituzten antzezlanetan. Hala ere, ez dute gauza bera izango kontagai, eta ez daude publikoberari zuzenduta. Ipar haizearen kontra lanak ziber-amodio edo maitasun istorio birtual bat du kontagai eta Lotsa gabe lanak, berriz, sexu heziketari buruzko gida izan nahi du, gazteentzat eta guraso «enroilatuentzat». Harremanak harreman, saio entretenigarria eta dibertigarria proposatzen du batak zein besteak.
Daniel Glattauer idazle austriarraren izen bereko eleberrian oinarrituta dago Ipar haizearen kontra, eta Tanttaka taldea Ulrike Zemmek antzerkira eginiko egokitzapena taularatzen ari da, Fernando Bernuesen zuzendaritzapean. Urrian estreinatu zuten, eta, Euskal Herri osoan aurkeztu dute; ostiralean Zumaian dute hitzordua, 22:00etatik aurrera.
Sarea bitartekari dutela, Emmi Rothnerrek (Itziar Atienza) eta Leo Leikek (Joseba Apaolaza) elkar ezagutuko dute. Bakoitzak bere bizitza du, baina patuak elkartu egingo ditu. Izan ere, Emmik Like aldizkariko harpidedun izateari utzi nahi dio, eta posta helektroniko bat bidaliko die aldizkarikoei. Oharkabean, okerreko helbidera bidali, eta Leok jasoko du mezua. Hilabete amaieran, emakumeak aldizkaria jasotzen jarraitzen duenez, beste mezu elektroniko bat bidaliko du, baina mezua berriro ere Leori iritsiko zaio.
Okerreko mezuen haritik, Emmiren eta Leoren arteko harremana sakontzen joango da poliki-poliki. Egunetik egunera, gainera, elkarrekiko mendekotasuna aregotu egingo da. Harremana sendotzen doan heinean, aurrez aurre gera daitezkela aztertzen hasten dira. Era berean, benetako topaketa batek bien artekoa zapuztuko duen beldur dira.
Antzezlanak aurrera egin ahala, Emmiren senarrak (Felix Arkarazo edo Kike Diaz de Rada) elkarri bidalitako mezuak irakurriko ditu, eta Leori mezu bat bidaliko dio bere emaztea ikus dezala eskatuz. Horretarako baldintza bat jarriko dio: gau bakar batez ikusiko dute elkar, alegia.
Sexu komedia
Gaur, ipar haizea herrian sartu baino egun bat lehenago, Vaiven ekoizpen etxeak gazteei zuzenduriko Lotsa gabe sexu komedia eramango du agertoki gainera. Emanaldia 15:15ean izango da; klaseak bukatu ondoren ikusi ahal izateko, hain zuzen ere. Hizkuntza freskoa, zuzena eta naturala erabiliz, sexu askatasunarekiko errespetua helaraziko dute. Ildo horretatik, hainbat gai ekarriko dituzte mahai gainera: besteak beste, Hiesa, homosexualitatea, maitasuna, konplexuak, antisorgailuak, komunikazio eza eta lotsa. Hori
guztia umorez zipristinduta, uneoro.
Lotsa gabe antzezlana ahots askoko bakarrizketa da; hau da, energia eta zehaztasun handia eskatzen duen lan korala. Hori horrela, honako bost aktore hauek hartuko dute parte antzezlanean, Dorleta Urretabizkaia zuzendariaren aginduetara: Ainara Ortegak, Kepa Errastik, Erika Olaizolak eta Asier Oruesagastik.