Ane Olaizola Zumaia
Zumaiako Udal Gobernuak Zero Zabor filosofiaren aldeko «jarrera sendoa» duela berretsi du, eta politika hori aurrera eramateko «modu aktiboan» lanean ari dela jakinarazi du. «Gure egiten dugu murriztu, berrerabili eta birziklatu filosofia, eta herritarren artean filosofia hori indartzeko eta errotzeko inbertituko ditugu indarrak».
Hondakinen kudeaketaren inguruan «informazioa eta azalpenak eman, aldaketarako pausoak moldatu eta proposamenak eta datuak jasotzeko» prest agertu da. Hori guztia «arduraz» eta «herritarrekin batera egingo du, «herritarrak baitira konponbidearen giltzarria». «Guztion artean osatuko dugu herriko hondakinak biltzeko proiektu egokiena, ahal den gehiena birziklatu behar dugula zalantzan jarri gabe». Udal gobernua jakitun da hondakinen kudeaketaren aldaketak «zalantzak eta galderak» sor ditzakeela eta sortuko dituela herritarren artean. Hori hala, zumaiarren proposamenak jasotzeko «bideak irekitzeko» lanean dela jakinarazi du, eta horien berri «laster» emango duela aurreratu du. Hala ere, herritarren zalantzak eta
galderak argitzeko «udaletxeko ateak zabalik» daudela adierazi du.
Eredu defizitarioa
Zumaiako Udal Gobernuak badaki zaborraren kudeaketa azken hilabeteetan «pil pilean» dagoen gaia dela, eta herrian sortzen den hondakin kopuruaren inguruko datuak plazaratu ditu. Aurreko urtean 4.288.090 kilo hondakin Zarauzko Urtetako zabortegira eraman zituztela jakinarazi du. «Horrek esan nahi du zumaiar bakoitzak 452 kilo sortu zuela iaz; hau da, egunean kilo bat eta berrehun gramo». Egun, gaikako bilketa egiten dute herrian, eta sistema horren bitartez %28,7 birziklatzen da, udal gobernuaren arabera. Horren aurrean, Zumaiako Udal Gobernuak adierazi du «askoz gehiago birziklatzea ahalbidetzen duen ereduaren alde» egingo duela lan, eta %80 birziklatzea proposatu du. «Nork bere ohiturak pixka bat aldatzea nahikoa da, gauza handiak lortzeko».
Zumaiako Udal Gobernuak adierazi du hondakinak kudeatzeko sistema defizitarioa izan ez dadin herritarrek egungo zabor tasen «ia bikoitza» ordaindu beharko luketela. Izan ere, Zumaiako Udalak jakinarazi du iaz 808.447,62 euroko kostua izan zutela hondakinen bilketak eta tratamenduak. Herritarrek ordaindu zituzten zabor tasekin kostu osoaren %42 baino ez zuen ordaindu udalak.
Zenbat eta gehiago birziklatu, orduan etatxikiagoa izango da defizita. Hala gaineratu du udal gobernuak. «Eta hondakinen arazoari irtenbidea emateko ardatzetako bat hondakinak gaika modu eraginkorrean biltzea, eta konposta egitea da».
Herritarrek urtean 113,14 euro ordaintzen dute Urtetako zabortegira doan zaborragatik. Konpostatze plantara eramaten duten hondakin orgaiko tonako, berriz, 70,82 euro ordaintzen dute. «Hondakin organikoa gaika jasotzea da gakoetako bat. Zabor ontzira bota beharrekoa ia erdira murrizten da organikoa bereizita jasotzen bada. Beraz, zabortegira ere erdia botako genuke».