Goikoetxea eta Lopezek irabazi dute Orlandoko RB Challenge txapelketa

Urola Kostako Hitza 2012ko ots. 20a, 11:55

Iñaki Osa Goikoetxea eta Imanol Lopez zumaiarrek Orlandoko (AEB) RB Challenge txapelketa irabazi egin dute pasa zen asteburuan; Miami Jai Alai enpresa ordezkatzen dute bi zumaiarrak ziren probako faboritoak, eta profesionalki bikote ona egiten dutela berretsi zuten beste behin; izan ere, partida hasieran Angel eta Cisneros mexikarrak nagusitu ziren, baina lehiaren erdialdean zumaiarrek buelta eman zioten markagailuari, eta lehenengo postuan amaitu zuten. Aurreko urtean ere Lopezek eta Goikoetxeak irabazi zuten Challenge txapelketa. Gotzon Enbil zumaiarra ere aritu zen kantxan, Erik Mendizabalekin batera, baina antolatzaileen esanetan, "bikoteak ez zuen txapelketa ona" jokatu. Binakako partida baino lehen, ordea, atzelarien eta aurrelarien buruz buruko norgehiagoka jokatu zuten, eta horietan ere zumaiarrak nagusitu ziren. Atzelariei dagokionez, egin beharreko zazpi tantuak erreskan lortu zituen Lopezek; Enbil, berriz, hirugarren postuan geratu zen. Aurrelarien kasuan, berriz, norgehiagoka estuagoa izan zen; izan ere, Jon Zulaika donostiarrak eskura izan zuen titulua; baina Goikoetxea atzetik aurrera joan zen markagailuan, eta azkenean zazpi tanto lortu zituen zumaiarrak, eta sei donostiarrak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide