Iñigo Saenz Txolo (Bilbo, 1960) korrikalaria eta Zumaiako Flysch Traileko antolatzaileari omenaldia egin dio eguerdian Aspanogi Gipuzkoako Haur Minbizidunen Guraso Elkarteak, Donostian; azken urteetan elkartari emandako laguntza aitortu diote Txolori, Toni Duart eta Alessia Bertolino bere taldekideekin batera. Urola Kostako Hitza-k biharko egunkarian argitaratuko du elkarrizketa osoa.
Noiz hasi zinenAspanogi elkartearekin elkarlanean?
Katalunian norberaren nahikotasun-proba batean hartu genuen parte 2007. urte inguruan; proba horretan, zazpi egunetan zehar, elikagai, lozaku eta halako gauzak bakoitzak eraman behar zituen, ura izan ezik. Gaur omendu dituzten beste bi lagunekin harremana hasi nuen ordurako; taldeka parte hartzea pentsatu genuen hirurok, eta orduan pentsatu genuen elkartearekin —orduan Aspanogas zen— elkarlanean hastea. Hasierako helburua ekonomikoki laguntzea zen, jasotzen genuen dirua elkarteari bideratzera nahi genuen; baina ekonomikoki genuen egoera ere ez zen oso ona, eta orduan, elkartearen nondik norakoak zabaltzen laguntzen hasi ginen; beraiei ere hori gehiago komeni zatzaien, nahiko hasiberriak zirelako. Gara hartan, hedabideetan ateratzen ginen: beraz, elkarrizketak paraleloki zihoazen; guk gure ekimenaren berri ematen genuen, eta beraiek elkartearen berri ematen zuten.
Zer dela-eta aukeratu zenuten Aspanogi?
Gobernuz Kanpoko Erakunde bati laguntzea erabaki genuenean, pentsatu genuen haurrak ardatz dituen elkartea sentiberakorragoa dela jendeak laguntzerako orduan. Elkarteak duen funtzionamendua mundu handi bat da; laguntza psikologikoa ematen dute, egoitzetan leku esklusiboak dituzte... Gainera, norberaren ahaleginak ere ematen du fruitua; gure kasuan, elkarteko haurrak ezagutu ditugu, eta beraiekin egoten gara. Orduan ondo iruditu zitzaigun elkarteak egiten duen lana, eta harremanetan jarri ginenean adiskidetasuna sortu zen guztion artean.