Zumaian euskararen inguruan hausnartuko dute, lau hitzaldiren bidez

Urola Kostako Hitza 2012ko urtarrilaren 27a

Zumaiako Udaleko euskara sailak euskararen inguruko hitzaldi zikloa antolatu du datozen asteetarako; otsailean zehar, euskararen inguruan hausnartuko dute, Euskal Herriko lau adituren bidez: "Gure hizkuntzari hainbat ikuspuntutik begiratzea da helburua, ahalik eta argazkirik osatuena egiteko", diote antolatzaileek. Hala, euskararen gaia "herritarren ahotan" jarriko dute, eta Zumaiako egungo egoera ere kontutan izango dute. Aditu bakoitzak bere teoria propioak jorratuko ditu Alondegian egingo dituzten hitzaldietan; asteazkenero izango dira hitzaldiak, eta lehenengoa Fermin Etxegoien izango da, otsailaren 1ean. Euskara eta estetikaren arteko harremana izango du hizpide idazle, kazetari eta irrati esatariak; honen ustez, esperientzia linguistikoa esperientzia da, "beste edozer baino lehenago"; hau da, motibazio estetikoa motibazio intentitarioaren gainetik dagoela dio. Otsailaren 8an, berriz, Joxe Manuel Odriozola idazleak abertzaletasuna eta euskararen arteko harremana azalduko du; abertzaleen artean euskararen garrantzia euskal nazio-identitatearen mamitze lanean duen eztabaida plazaratuko du idazleak. Jon Sarasua bertsolari, irakasle eta soziologoak, berriz, euskal hiztun komunitatea jorratuko du, Norabideari begirada batzuk izenpean.Sarasuaren esanetan, egungo hiztun komunitatea "desafio zahar eta berri lodi xamarraren aurrean" dago. Hitzaldiak mahai-inguruarekin amaituko dituzte, otsailaren 29an; Belen Uranga, Josu Waliño, Jon Maia eta Markel Peñalba zumaiarrek euskararen gaia Zumaiako testuinguruan kokatuko dute; Zein dira Zumaian euskara gehiago erabiltzeko gakoak? Zumaiarrak jabetzen al dira euskararen garrantziaz eta euskaldunin erantzukizunaz? Horiek izango dira jorratuko dituzten gaietako batzuk. Saio guztiak 19:00etan izango dira, Alondegian.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide