Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Zumaiako Udaleko berdintasun eta gazteria sailek Emakumea eta kirola. Etengabeko lehia hitzaldia antolatu du biharko. Alondegian izango da saioa, 18:30etik aurrera. Ordu eta erdi iraungo du. Berdintasun eta gazteria teknikari Karmele Gomezen arabera, «begiak irekiaraztea» du helburu ekimenak: «Herritar orori irekita badago ere, entrenatzaileei, gorputz hezkuntzako irakasleei edota kirol elkarteetako kideei zuzendutako saioa da, batez ere. Izan ere, askotan ez dute genero ikuspegia kontuan izaten jardunaldiak
antolatzerakoan». Ildo horretatik, «kirol munduko ordezkariek arlo horretako jardueretan genero ikuspegia txertatzea» lortu nahi dute hitzaldiaren bidez; hau da, «kirol plangintza osatzerakoan emakumeen papera kontuan izatea». «Haiei begiak irekitze aldera antolatu dugu, beraz, ekitaldia», dio.
Izan ere, Gomezek jakinarazi duenez, guraso batzuen kezkaz jabetu ostean antolatu dute saioa. «Guraso batzuk etorri zitzaizkigun, alabak entrenamenduetan baztertu egiten zituztela eta, kezkatuta. Halako egoerak ekidin behar dira, eta horretarako emakumeen papera aitortzen duten ekitaldiak antolatzea baliagarria dela deritzogu».
Hiru atal
Hiru atal izango ditu biharko soalasaldiak. Batetik, emakumeek goi mailako kirolera iristeko egin beharreko ibilbideaz ariko dira. Bestetik, emakumeek egun kirol munduan duten papera izango dute hizpide. Horretarako, gaurko egoeraren diagnosia egingo dute. Azkenik, emakumeen partaidetza bultzatze aldera, kirol elkarteetatik har daitezkeen neurriak azalduko dituzte. Berdintasun teknikariak aurkeztuko du saioa, eta Eusko Jaurlaritzako kirol teknikari Dorleta Gomez izango da hizlaria.
Hitzaldiarekin hasi aurretik, sarrera modura, bideo bat proiektatuko dute. Bertan, Euskal Herrian goi mailara iritsi diren emakume kirolarien papera azalduko dute, «emakumeek ere lorpen garrantzitsuak dituztela» erakusteko. Hala, Maria Jose Sardonen eta emakume arraunlarien kasuak aipatuko dituzte, besteak beste.