Zumaiako Bertso Eskolak larunbat iluntzean eman zion bukaera Gabonetako Bertso Asteari. Egitasmoa biribiltze aldera, urtero bezalaxe, bertso afariaz gozatuzuten lagunartean; eta, bide batez, Bota bertso bat lehiaketako saria banatu zuten. Beheko Plaza jatetxea topagune bihurtuta, 85 lagunek hartu zuten parte Iker Zubeldia eta Anjel Mari Peñagarikano bertsolariek girotutako afarian. Gonbidatuen jarrera txantxazaleari esker, ekitaldia «oso ongi» atera zela jakitera eman dute bertso eskolako kideek. Bertsolariek umoretik jo zuten, eta elkar zirikatzen aritu ziren, baita jendeari adarra jotzen ere. Amodio kontuak, politika, arrauna.... Saioa goizeko 03:00ak arte luzatu zen, jendea oso gustura utziz.
Bertso irabazlea
Bertso afarian, era berean,
Bota bertso bat lehiaketako saria banatu zuten. Aurtengo irabazlea Maddi Gallastegi izan da, baina ez zuen saioan parte hartu. Azterketetan dabilenez, ez zen afarian izan, eta saria hartu eta bertsoa abestera bakarrik gerturatu zen jatetxera. Irabazleak Zumaiako Talaipe jatetxean bi lagunentzako afaria eskuratu zuen. Beraz, aurrerago ospatu ahal izango du ongi merezitako saria.
Nahi nuke izan da aurten parte-hartzaileek landu behar izan duten gaia, eta askotariko interpretazioak egin dituzte bertsotan. Jon Maia eta Josu Garate bertsolariek egin dituzte epail lanak, eta bikotea arduratu da aurkeztutako lanak aztertzeaz. Hala, Gallastegiren bertsoaren alde egin dute. Aipamen berezi gisa, Jokin Calvoren eta Josu Manzisidorren bertsoak nabamendu dituzte.
Bota bertso bat bertsopaper lehiaketa herrikoia da, eta parte-hartzea bermatze aldera, formatu informala du. Hain zuzen ere, Zumaiako Bertso Eskolak kaxak jarri ohi ditu herriko hainbat tabernatan, herritarrek nahi dutenean bertso bat idatzi eta bertara dezaten. Ildo horretatik, bertso txukunekin batera, «lan barregarriak edota ez hain serioak» ere bildu ohi dituzte.
Bertso liburuxka
Aurten ere, bertsopaper lehiaketara aurkeztutako 50 bat lanekin bilduma liburuxka kaleratu dute. Bertso sorta larunbateko bertso afarian bertan banatu zuten ikusleen artean. Afarian izan ez zirenek lehiaketako kaxak jarri dituzten tabernetan eskuratu ahal izango dituzte aleak. Edo bestela, Baleike herri aldizkariaren webgunetik jaisteko aukera izango dute, liburuxkaren pdf-a igoko baitute aurki.
Bertso irabazlea:
Lorategi grisari so
ezpain-ertzean Winstona,
Gasherbrum II-ra hartuta
bi oxigeno bonbona,
joan gintezke Berlina,
joan gintezke Kingstona,
izan zitekeen bikaina,
izan zitekeen kristona.
Gela zuri bezain hotza
omen nire zain dagona,
erotuta egoteak
horixe baitauka ona,
bihar ere amestera
itzuli nahi nuke hona (bis)
Doinua: ETAren suetenetik
(Xabier Silveira)
Egilea: Maddi Gallastegi