Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Abenduaren 11ean, hogei urte beteko dira Patxi Aristi zumaiarra atxilotu eta espetxeratu zutela. Aristiren urteurrenaren harira, "euskal presoak herriratuak" izan daitezen hainbat ekimen egingo dituzte hilak 10ean, Zumaian.
Eguerdiko 12:00etan, Itzurungo hondartzan argazki jendetsua aterako dute, eta jarraian triki poteoa egingo dute kalean. 14:30ean, berriz, bazkaria egingo dute, eta gero bertsoak izango dira. 18:00etan, berriz, manifestazioa egingo dute kaleetan, eta ondoren ekitaldia izango da. Azkenik, gauean, 22:30ean, kontzertuak izango dira Zumaiako gaztetxean.
Egin dezagun bidea ekimenaren baitan, herritar talde batek antolatu ditu ekimenak; urte horietan zehar Aristik "sakabanaketa, isolamendua eta oinarrizko eskubideen urraketa" pairatu dituela salatu dute antolatzaileek. Besteak beste, Carabanchel, Valdemoro, Caceres I eta Martutene espetxeetan izan da, eta egun Topas-en aurkitzen da, Zumaiatik 470 kilometrotara. Aristiren kasuaz gain, ordea, Beñat Lizeaga zumaiarrarena ere gogoratuko dute abenduak 10ean; Lizeaga 2011ko otsailean atxilotu zuen Frantziako poliziak, Donibane Garazin. Pasa zen apirilean estraditatu zuten gaztea, euroagindua bete ondoren. Ordutik, Aranjuezen (Espainia) da preso Lizeaga. Oraindik ez dute epaitu.
Antolatzaileek ekitaldietan parte hartzeko deia luzatu die herritarrei, baita urtarrilak 7an Bilbon egingo duten manifestaziora joateko ere.