‘Motxo’-ren zauriak, urtebetera

Urola Kostako Hitza 2011ko azaroaren 16a

Duela urtebete, Motxo ontzia hondoratu zenean, egin zituzten lanek orban handiak eragin zituzten. Orduko Gipuzkoako Foru Aldundiak lasai egoteko esan zigun, eremua aurrekora itzuliko zutela-eta. Baina hamabi hilabete pasa eta gero, agindutako ahaleginaren emaitza kaskarra da, eta eremuak lanak amaitu ziren bezela jarraitzen du; belar eta landaretxo batzuk besterik ez dira hazi. Orbana oso nabarmena da oraindik; Zumaiatik ere ikusten da», adierazi du Juan Mari Beldarrainek, Eguzki Talde Ekologistako kideak. Azaroaren 4an bete zen urtebete Bermeoko itsasontziak hondoa jo zuela, Zumaia eta Deba arteko biotopoan. Hainbat ahaleginen ostean, hilabetera atera zuten harraldetik, makina eta teknika ikusgarriak baliatuz. Lanek sortutako «kalteez» gain, hondoa jo zuen eremua babestutako naturgunea izanik, une hartan Motxo ontzia zertan zebilen oraindik ez dela argitu salatu du Eguzkik; ikerketaren emaitzak ez dituztela jakinarazi, alegia. Ontziaren kaxa urdina hondoratu zenean aurkitu zuten, baina horren emaitzak ez plazaratzea «oso larria» dela nabamendu du Beldarrainek. Istripua gertatu zenean hipotesi asko jarri zirela mahai gainean gogoratu du talde ekologistako kideak, halako itsasontziek ezin baitute biotopoan arrantza egin. Beldarrainek adierazi du erakunde askok esan zutela kasua argitu behar zela; besteak beste, Gipuzkoako Foru Aldundiko Arrantza Sailak, Gipuzkoako Inguruneko Fiskaltzak edota Udalarrantzek. «Ikerketa oraindik ez da publiko egin. Gure ustez, kasua ikertu, ikertu dute». Horrek are «susmagarriagoa» egiten du gertaera, Beldarrainen iritziz. Baina Aldundiaren «konpromiso falta izugarria» dela uste du: «Arrantza araututa dago, baina badakigu arrantzaleek zenbait kasutan arauak ez dituztela betetzen. Beraz, Aldundiak benetako irudia ezkutatzeko gorde du informazioa, gure ustez». Hori hala, Gipuzkoako Foru Aldundiak azken hilabeteetan jarri duen interesa eta ahalegina «eskasa» izan da. «Aldundiak lurra zainduko duela pentsatzen da, baina kasu honetan arinkeriaz jokatu zuen». Zentzu horretan, egungo Aldundiak hartuko duen jarreraren «zain» daude: «Zoritxarrez, Aldundiak ez digu gai honen inguruan ezer esan. Gurekin, behintzat, mutu dago». Ontziak lurra jo zuen zonaldeko pistak bi zati ditu; bata, Elorriaga auzotik itsasalderakoa. Bertan «harri handiak» bota zituzten, eta han daude oraindik, Eguzkiren esanetan. Itsasora eramaten du beste pistak, eta han, berriz, zimaurra bota zuten bazterretan, eta zuhaixka txikiak landatu zituzten. «Ordutik, guztiak berdin-berdin jarraitzen du». Aldaketok ondorio nabarmenak izan ditu paisaian, Beldarrainen ustez. «Pista bat bazegoen, oso gutxi erabilitakoa, baina, zoritxarrez, garabi erraldoiak eta kamioiak jaisteko txikiegia. Hori hala, sei edo zortzi metro inguru zabaldu zuten. Eta behean zabalgunea egin behar izan zuten, futbol zelai erdi baten neurrikoa». Izan ere, Beldarrainen arabera, arazoa konpontzeko «teknika pisutsuena» hautatu zuten, eta ez zuten kontutan hartu eremua biotopoa dena: «Eskuz esku eta pixkanaka egin ordez, airean atera zuten. Hori egiteko makina guztiak jaitsi behar izan zituzten».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide