Zumaiako Udaleko Euskara Zerbitzuak herriko merkatari, ostalari eta bezeroen artean euskara sustatzeko
Zumaian euskaraz erosi eta saria irabazi ekimena jarri du martxan. Ekimen horren baitan, bi ekintza prestatu ditu Udalak: batetik, herritarrek erosketak euskaraz egin ditzaten adierazgarriak jarriko dituzte saltokietan, eta horretara bultzatzeko lehiaketa bat abiatuko dute.
Adierazgarriei dagokienez, saltokietan "bezeroek ikusteko moduko lekuan" jarriko dituzte; hala, adierazgarri horiek "erosketak euskaraz egin daitezkela" islatuko dute; izan ere, hiru motatako adierazgarriak jarriko dituzte: batetik,
Euskaraz, nahi baduzu euskaraz aritzeko "arazorik" ez dutenek jarriko dute;
Euskaraz, ulertzen dut adierazgarria, berriz, euskara ulertzen dutenak, baina erantzuterako orduan "arazotxoren bat edo beste" duenak izango du; azkenik, Euskaraz, poliki mesedez esaldiak saltokiko kideak euskaraz hitz egiteko "arazo handixeagoenak" dituela baina "ahalegina egiteko prest" dagoela esan nahi du.
Horrekin batera, bezeroentzako lehiaketa ere antolatu dute; hala, herritarrek lehiaketaren eta adierazgarrien berri izateko orri bat jasoko dute etxean. Lehiaketari dagokionez, hiru galdera "erraz" erantzun beharko dituzte; ondoren, adierazgarria duen edozein dendara eraman beharko dute, eta bertan zigilatu ondoren Turismo Bulegora eraman beharko dute; hori eginez gero, opari bat jasoko dutela adierazi du Udalak; hala ere, beste "opari handiago" batean parte hartzeko lehiaketan ere sartuko dira. Abenduaren 3an ospatuko den Euskararen Egunean egingo dute zozketa, Torreberrin, 13:00etan. Herritarrek ez ezik, orria zigilatu duten saltokiek ere bi lagunentzako afaria irabazteko aukera izango dute.
Zumaiako Udalak herriko 100 denda baino gehiagoetan inkesta batzuk egin ditu ekimena martxan jarri aurretik; inkesta horien bidez, herriko dendetako %95etan euskaraz dakien norbait lanean dagoela jakin du Udalak; halaber, %75 prest agertu dira bezeroek euskaraz eros dezaketela dioen adierazgarria jartzeko. Emaitza horien oinarri hartuta abiatu dute ekimena, merkatariekin elkarlanean. Horretarako hainbat bilera egin dituzte azken hilabeteetan. Udaleko Euskara Zerbitzuak merkatarien parte hartzea eskertu du, eta herritarrei ekimenean parte hartzera gonbidatu die.