Gazteei kezkatzen dizkieten gaiak eztabaidatuko dituzte larunbatean

Urola Kostako Hitza 2011ko irailaren 28a

Pentsatu, eztabaidatu… ta askatu! izenpean, Gazte Eztabaidak egingo dituzte larunbatean, urriaren 1ean, Zumaian. Zuga Zumaiako Gazte Asanbladak antolatu du ekimena, egun osorako. Zumaiako gazteei gehien kezkatzen dizkien gaiak jorratuko dituztela adierazi dute antolatzaileek; joan zen ikasturtean Gazte diagnostikoa egin zuten herriko gazteek, eta bertatik atera zituzten kezka nagusien inguruan eztabaidatuko dute etzi. «Gai horien inguruko hausnarketa egingo dugu; errealitatea nola dagoen azalduko dugu lehendabizi, eta eztabaidetara agertzen direnek zer nahi duten jorratuko dugu». Hala, gazteek alternatibak irudikatuko dituzte, eta saio teorikoak izango dira. Izan ere, aurrera begira alternatiba horiek herrian gauzatzeko asmoa dutela adierazi dute. Gazte eztabaidak 10:00etan hasiko dira, Torreberri gaztetxean. Gazteek gehien interesatzen zaien gaietan parte hartu ahal izango dute; goizeko saioan, lehenengo aisialdia landuko dute, eta gero eredu soziala izango dute hizpide; bertan, besteak beste, etxebitizaren eta lanaren inguruan arituko dira. Arratsaldean, berriz, 16:00etan hasiko dituzte saioak, eta komunikazioaren, hezkuntzaren eta feminismoaren inguruan eztabaidatuko dute orduan. Halaber, goizeko eta arratsaldeko saioen amaieran horien inguruko emaitzak azalduko dituzte. Egunaren amaieran, berriz, Gazte Eztabaiden inguruko ondorioak jorratuko dituztela adierazi dute antolatzaileek. Izan ere, ondoren emaitzak praktikara eramateko egun bat finkatuko dutela aurreratu dute. Gazte Asanbladak aurretik ere antolatu ditu halako eztabaida saioak, eta aurtengo udaran antolatu dituzten ekimenek izan duten harrera ona dela-eta, berriro egitea erabaki dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide