Josu Waliño (Zumaia, 1972) gelditu gabe ari da lanean.
Heriotzak ipuin bilduma kaleratu berri du Elkar argitaletxearekin. Hainbat urtean idatzitako ipuinei forma eman eta istorio paraleloetan kokatu ditu. «Ez da ipuin bilduma soila», dio zumaiarrak: «Euren artean koherentzia dago, eta istorio paraleloetan daude kokatuak; ez da besterik gabe bata bestearen atzean kokatutako ipuin sorta bat». Datorren urtean Pirata Ximon liburua kaleratuko du, eta Mikroipuin labea blogean lanean dihardu buru-belarri.
Heriotzak zure azken lana kaleratu berri duzu. Hainbat urtean idatzitako ipuinek osatzen dute bilduma.
Bai, baina ez da ipuin bilduma soila, hau da, ez da besterik gabe harremanik ez duten ipuinak bata bestearen jarraian jarrita osatutako bilduma. Hori guztia narrazio bakar batean kokatzen saiatu naiz, liburu forma ematen, alegia. Eta hori izan da niretzat zailena.
Istorio komun bat dute ipuin guztiek.
Bai, horregatik jarri diot
Heriotzak izenburua bildumari. Finean istorio komun bat dute guztiek, heriotzarena. Hala, ipuin guztien gidari izango den istorio paralelo bat sortu dut. Eta istorio paralelo horretan, ipuinak zentzua dute kontakizunean bertan.
Ipuinek zentzua dute, beraz, istorioan eta bilduma bertan ere.
Bai, istorio paralelo horretan badute izateko arrazoi bat. Errazena etxean nituen ipuin guztiak hartu, bildu eta bata bestearen atzean jartzea litzateke. Zailena, ordea, horiei guztiei koherentzia eman eta istorio berean kokatzea da. Hari batekin guztiak josi eta forma ematea, hain zuzen.
Hor dago bildumaren gakoa, horrek ematen baitu irakurtzen jarraitzeko bultzada. Izan ere, ipuin bilduma batean istorio bat edo bi irakur ditzakezu, baina bateratasun horri esker, irakurlea liburua amaieraraino irakurtzera bultzatzen du.
Heriotzaz hitz egiten duten arren, ez da beldurrezko ipuin bilduma soila.
Liburua beldurrezko bilduma batean jasota dagoen arren, beste hainbat gai jorratzen du. Heriotza du oinarrian, baina baditu bestelako gaiak. Osagai fantastikoa du, ingurune ilun batean kokatzen da, baina maitasun ipunak daude, istorio poliziakoak eta baita kontu xelebreak ere. Guztietan heriotzak presentzia du,hori da guztien arteko lotura.
Heriotzaz gain, bada beste pertsonaia bat: Josu.
Bai ni neu naiz, heriotzarekin batera, istorio paralelo horretako protagonista. Istorioa heriotzaren eta nire arteko harremanean oinarritzen da. Josu ospitalean dago, larri. Ez du hil nahi, ordea. Gelan dagoela heriotza heltzen da. Orduan elkarri istorioak kontatzen hasten dira, denbora irabaztearren. Hasieran nahi gabe hasten dira hizketan, eta gerora, heriotzagandik ihes egiteko trikimailu bat bilakatzen da saioa.
Literaturan asko erabiltzen den teknika da honakoa, batez ere literatura arabiarrean. 1001 gau liburuan, esaterako, Sherezadek Shahriar erregeari ipuinak kontatzen dizkio hil ez dezan. Lerro horretako kontakizuna da, finean.
Dagoeneko salgai dago zure azken lana. Ikasturte berria hastearekin batera kaleratu duzu.
Bai. Egia esan, garai ona da liburuak publikatzeko. Izan ere, Durangoko azokara begira lan handia izaten dute argitaletxeek. Gainera, gazteei zuzenduriko bilduma batean dago kokatuta. Garai ezinhobean kaleratu
dugu.
Datorren urtera begira, beste liburu bat kaleratzekotan zara. Gelditu gabe ari zara lanean.
Bai,
Pirata Ximon du izena. Haur literatura da, eta Aizkorri etxearekin kaleratuko dut 2012an. Orain marrazkiak egiten ari dira, eta prest izango da datorren urterako. Hala ere, Mikroipuin Labea blogarekin (
) nago murgilduta. Hori ere aurten amaitzeko asmoa dut, eta gerora beste buelta bat eman nahiko nioke, ahal bada liburu formatuan argitaratu ahal izateko.