N orabideari irmo eutsi, belak igo eta jaitsi, itsasontziaren tamainaren jakitun izan eta bertan mugitzen jakin, itsasaldiak eta itsasoko baldintzak ezagutu, korronteak kontrolatu... Asko dago egiteko belaontzian bidaiatzen denean. Asko dira kontuan izan beharreko alorrak. Ez da erraza belaontziari norabide onean eustea, are gutxiago pertsona itsuentzat. Ania Miner, Juan Jose Guirado eta Ibon Fernandez donostiarrek eta Ana Mujika idiazabaldarrak erronka horri egingo diote aurre datozen egunetan. Floren Probanza patroiaren gidaritzapean, ikusmen arazoak dituzten pertsonek «erantzukizun handiko lan konplexuak» egiteko gai direla erakutsiko dute lau itsuek. Bi egunez hainbat itsas milia egingo dituzte, ia 14 metroko luzerako eta 4 metroko zabalerako belaontziaren lema eramanez. Zumaiako kirol-portutik abiatu ziren atzo bertan, eta Hondarribiraino iritsi, gaur irteera puntura itzultzeko.
«Egungo gizartearen ikuskera aldatzea dugu helburu. Itsu bat irudikatzerakoan, kupoi saltzaile bat irudikatzen du pertsona orok. Hori hautsi nahi dugu», nabarmendu du Minerrek: «Ezintasuna dugunok hainbat lan egiteko gai garela erakutsiko dugu». Minerren arabera, beste sentimenak erabiltzen ikasi beharra dago: «Bizitzan ez da nahikoa ikusmena soilik erabiltzea». Abentura horrek eurei ere «laguntzarik gabe» hainbat gauza egiteko gai direla ikusaraziko die. «Hobeto sentiaraziko gaitu», dio Guiradok.
Miner guztiz itsua da jaiotzez, gaixotasun bat medio. Mujikak, berriz, istripu baten ondorioz galdu zuen ikusmena. Guiradok hurbileko itzalak bereizten ditu soilik, eta Fernandezen ikuseremua, aldiz, %5ekoa da. Arazoak arazo, ziur daude belaontzia ongi porturatuko dutela . «Gogoa, energia eta esfortzua izango da abentura honetan gure ekarpena», dio Minerrek. Mujikak ere ilusio handia du: «Itsasoan ibiltzeak beste inon senti ezin daitezkeen sentsazioak sorrarazten dizkizu».
«Belaontzia bezalako gauza handia eraman ahal izateak ematen dizun askatasun sentipena oso atsegingarria da», azaldu du Guiradok. Fernandezi, berriz, halako egitasmoan parte hartu ahal izateak «bizipoza» ematen diola dio.
Ongi prestatuta
Probanza izan da proiektuaren bultzatzailea. Bere izena daraman itsasketa eskolako jabea da Probanza, eta ONCE erakundean bere burua proposatu zuen ikusmen arazoak dituzten pertsoinei bela ikastaroak eskaintzeko. Lau pertsonak eman zuten izena: Minerrek, Mujikak, Guiradok eta Fernandezek, hain zuzen. «Asko gustatu zitzaigun», dio lehenak.
Ekaina eta abuztua bitartean hainbat eskola jaso zituzten, eta horietan askotariko kontuak ikasi zituzten: lema eramaten, belak igo eta jaisten, irratia eta babes eta segurtasun tresnak erabiltzen, eta belaontziko bizitza lerroak finkatzen, besteak beste.
Horrez gain, Ingalaterratik ekarritako iparrorratz berezia erabiltzen ikasi zuten laurek. «Aita batek eta bere seme itsuak diseinatutako aparailu bat da, ikusmen arazoak dituzten pertsonak itsasoan egoki mugitu ahal izateko balio duena. Soinu bidez jakinarazten dizkio aparailuak erabiltzaileei nabigazioaren xehetasunak», azaldu du Minerrek.
Babes falta
Hainbat laguntza izan duten arren, erakundeen «babes falta» nabarmendu du Minerrek. «ONCEri gure egitasmoaren berri eman genion, eta hasiera batean lagunduko gintuela jakinarazi zigun. Pasa den astean, ordea, ezezkoa eman ziguten», dio haserre. «Kontziente gara egoera ekonomikoa ez dela ona, baina halakotan ezintasuna dugun pertsonok gara kalte handiena pairatzen dugunak. Horregatik, erakundeetatik lan handia egin beharra dago, guk, lau itsuk, norbanako gisa ez baitugu indarrik».
Hori dela eta, halako ekimenak antolatzeak eta horiei oihartzuna emateak euren egoera berean dauden pertsonak lagunduko dituela ziur da Miner: «Herritarrek neska itsu bat belaontzi baten lema eramaten ikusten badute, agian itsuenganako duten irudia aldaraziko die. E z gaituzte kupoi saltzaile gisa soilik ikusiko. Ez gaituzte bigarren mailako herritar bezala tratatuko».