Olagarrotara, batel gainean

Urola Kostako Hitza 2011ko irailaren 6a

Zumaiako Udala buru-belarri ari da Olarro Eguna prestatzen. Irailaren 17an ospatuko dute, eta egun horretarako antolatuko dituzten jardueren artean, aurten ere koadrilen arteko batel estropada izango da. Bertan parte hartu nahi dutenek hilaren 14a bitartean eman ahal izango dute izena, Turismo Bulegoan. Lagunarteko estropadak harrera ezinhobea du herritarren artean, eta urtetik urtera gero eta gehiago dira bertan lehiatzen direnak. Talde bakoitzak lau lagunez osatuta egon beharko du; batel batean sartzen den pertsona kopurua. Taldeak edozein modutara osatzeko aukera izango dute parte-hartzaileek. Beraz, mutilez, neskez eta neska-mutilez osatu ahal izango dira. Hala eta guztiz ere, emakumezkoen partaidetza saritzeko asmoa dutela aditzera eman dute antolatzaileek. Talde bakoitzak izen-emate orria bete beharko du, eta arduradun bat izenduko du, harekin harremanetan jartzeko telefono zenbakia emanez. Estropadari buruzko bilera hilaren 15ean egingo dute, eta bertan egingo dute talde bakoitza noren aurka lehiatuko den erabakitzeko zozketa. Gaztetxoen zozketa 19:00etan egingo dute, eta helduena, berriz, 19:30ean. Estropadak goizez eta arratsaldez jokatuko dira, Olarro Egunean bertan. Goizean gaztetxoak ariko dira arraunean; hau da, 13 urtetik 16 urte bitarteko neska-mutilak. 10:00etan ekingo diote jardunaldiari, eta bi talde onenak arratsaldeko saiorako sailkatuko dira. Arratsaldean, 17:00etan hasita, helduen txanda izango da; 16 urtetik gorakoak, hain zuzen ere. Estropada eremua itsas kiroldegitik irten eta Txomin Agirre kaiaraino joan-etorria izango da, eta ibilbidea osatzen bizkorrenak eskuratuko du Olarro Eguneko Bandera. Oroigarria irabazteko, ordea, ezinbestekoa izango da talde erdia zumaiarra izatea. Horrez gain, batel estropadan lehiatzen diren koadrila guztien arte afari bat zozkatuko dute. Antolatzaileek ez dute bere gain hartuko parte-hartzaileek euren buruari edo beste edonori egin diezaieken kalteen erantzukizunik. Beraz, entrenatzea komeni da. Horretarako, antolatzaileek Lasuna batela utziko diete parte-hartzaileei estropada eguna bitartean. Ontzia erabili nahi dutenek Turismo Bulegoan egin beharko dute eskaera. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide