Zumaiako gazteek hurrengo larunbatean, hilak 20an, Koadrila Eguna ospatuko dute. Aurtengoan berrikuntza nabarmena izango dute gazteek, izan ere, Koadrila arteko herri kirol eta jolasekin emango diote hasiera egunari; koadrilak txingetan, harri jasotzen, jerra jokoan, giza proban eta hankapaloan arituko dira. Bi kategoriatan banatu dute tapelketa, eta 10:30ean gaztetxoak hasiko dira, eta 11:30ean 16 urtetik gorakoen txanda izango da.
Taldeak bost pertsonez egongo dira osatuta, eta hainbat baldintza bete behar dira; izan ere, taldeek mistoak izan behar dute, eta gutxienez bi neskek parte hartu beharko dute talde bakoitzean; halaber, talde bakoitzean gutxienez hiru kidek zumaiarra izan behar dute. Antolatzaileek adierazi dute ez dutela beraien gain hartzen kalteak edota lesioak; hala, parte hartzaileei gomendatu die aurretik mediku-azterketa egitea.
Txapelketa irabazten duen lehen taldeak kopa eta 100 euro jasoko ditu; bigarren irabazleek kopa eta 70 euro jasoko dituzte, eta hirugarrenek kopa eta 30 euro. Edonola ere, proba guztiak amaitzen dituzten taldeek 30 euro irabaziko dituzte. Txapelketan parte hartzeko izena eman daiteke dagoeneko, Turismo Bulegoko 943-143396 edo 943-861530 telefonoetara deituta. Izena emateko azken eguna hilaren 18an izango da.
Horrez gain, herrian zehar bizi poteoa egingo dute koadrilek, eta ondoren herri bazkaria izango da herriko plazan; bazkarira joateko norberak eman beharko du janaria, baina edaria eta postrea antolatzaileek banatuko dute.
Umeentzako ekimenak ere izango dira, puzgarriekin edota pailazoen emanaldiekin. Gauean, 70 eta 80ko hamarkadetako doinuek gurotuko dute kofradia.