Euskal Jai egunean artisau azoka eta musika emanaldiak izango dira

Urola Kostako Hitza 2011ko abu. 10a, 08:00

Zumaiarrek baserritar jantziak eta abarkak armairutik atera eta Euskal Jai eguna ospatuko dute beste urte batez ostiralean, hilaren 12an. Goizean goizetik euskal giroa izango da nagusi herriko txokoetan, eta hainbat ekitaldi egingo dute egun osoan.
Hala Gera albokariek, Iturengo Joaldunek, Trikitxas trikitilariek eta Hala Dzipo txalapartariek emango diote hasiera egunari. Halaber, goizean zehar inguruko artisauek euren produktuak jarriko dituzte erakusgai eta salgai, eta elikagai postuak ere jarriko dituzte Alde Zaharrean. San Juan iturrian ere izango da zer ikusirik, kandelak, otarrak eta euskal ikurrak jarriko dituztelako.
Eguerdian herri bazkaria egingo dute. Paella izango da otorduko plater nagusia. Bazkarira joateko aldez aurretik eros daitezke txartelak, Turismo Bulegoan. Helduek zortzi euro ordainduko dute, eta haurrek, berriz, hiru euro.
Aurten, gainera, sortu berri den Astindu Zumaiako Dantza Elkarteak eta Zuga Zumaiako Gazte Asanbladak azken asteetan elkarrekin prestatu dituzten arin-arinak eta fandangoka taularatuko dituzte.
Herrian zehar egingo dituzten ekitaldiak direla-eta, Alde Zaharra itxi egingo dute ibilgailuentzat; 09:30eatik 14:00etara bitartean egongo da itxita, eta, ondorioz, ezingo da bertara autoan sartu, eta aparkatu.
Bestetik, Euskal Jai eguneko egitaraua bete ahal izateko, Zumaiako Udalak adierazi du herritarren laguntza behar dutela lanerako. Herri bazkarian paella erraldoia prestatzen eta bazkaria banatzen laguntzeko eskatu du Udalak. Horretarako prest dagoenak Alondegia kultur etxeko
943-86 10 56 telefonora deitu behar du.
Abuztuak 12, ostirala
- 10:00etan hasita. Musikaz blai, Hala Gera albokariak, Iturengo Joaldunak, Trikitxas trikitilariak eta Halal Dzipo txalapartariak .
- 10:00-14:00. Alde Zaharrean, artisauak eta elikagai postuak.
- 11:00etan hasita. Haurrentzat tailerrak, Parrokiko plazoletan, eta San Joan iturrian kandelak, otargintza eta euskal ikurrak.
- 12:00. Upela plazaren parean, salda.
- 12:30. Balkoitik balkoirako bertso saioa Sanjuaniturrin, Aitor Mendiluze eta Aitor Sarriegi bertsolariekin.
- 14:30. Bazkari herrikoia: paella jana. Joxe Mendizabalek alaituko du otordua.
- 18:00. Ostolaza eta Txapartegi trikitilariekin erromeria, Eusebio Gurrutxaga plazan.
- Aldi berean. San Pedro Txikiren txorizo pintxoak, eta Erkibe taldearen taloak, euskal pastela eta gazta.
- 18:30. Sagardo dastaketa egingo dute.
- Ordu berean. Iraunkorrak txarangaren kalejira.
- 22:30. Kofradian erromeria, Bide Batez taldearekin.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide