San Pedro abesbatzak ikuskizun berezia eskainiko du Gala Gauean

Urola Kostako Hitza 2011ko abuztuaren 4a

Azken urteetako ohiturari jarraituz, Gala Gaua antolatu du Zumaiako Udalak. Urteko gaurik dotoreena ospatuko dute herritarrek larunbatean, eta hainbat ekitaldiz gozatzeko aukera izango dute.
Aurtengoan, gainera, berrikuntza nabarmena izango du Gala Gauak, eta Zumaiako Udal abesbatzak San Pedro izateari utzi eta St. Peter izena hartuko du; izan ere, ikuskizun berezia prestatu du abesbatzak ordurako; Oh happy day telebista saiora hurbilduz, abesbatzaren ohiko formatoa alde batera utziko dutela adierazi du Amaia Aldalur abesbatzako zuzendariak; «ohiko abesbatzetako emanaldietatik urrunduz, ikuskizuna lortzen saiatuko gara. Horretarako, 11 abesti kantatuko ditugu, eta bakarlariak ere izango dira saioan zehar».
Mota guztietako abestiak eskainiko dituzte, euskaraz, gazteleraz eta igelesez. Abesti «ezagunak» izango direla aurreratu du zuzendariak, Anje Duhalde, Txomin Artola, Ken Zazpi, Abba edota Andrew Sisters taldeenak, besteak beste. Abesbazak ohiko formatuetatik kanpo ere ikuskizunak eskaintzeko gai dela erakutsi nahi du saio honen bidez; horregatik, ikusleek ere parte hartu dezaten nahi dute.
Abesbatzako 30 kide inguru izango dira 23:30ean Beheko Plazan egingo duten saioan, eta bateria, gitarra edota teklatuen laguntza izango dute.
San Pedro abesbatzaren ikuskizunaz gain, 20:00etan, Nevermind Trio eta Julen Izarrak Nirvana taldearen abestiak taularatuko ditu, jazz doinuan. Mari kalean izango da hori. Gauean zehar, berriz, Oihan Vegak Gala diskoteka eskainiko du.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide