Datorren igandean, hilak 31, jokatuko duten Diario Vasco bandera eta Zumaiako XXVI. Ikurriña aurkeztu dute Iñaki Ostolaza Zumaiako Udaleko kirol zinegotziak, Iñaki Agirrezabalaga Zumaiako alkateak, Santi Ipiñazar Diario Vasco egunkariko kideak eta Luis Mari Goikoetxea Zumaiako Arraun Elkarteko presidenteak. Eusko Tren eta San Miguel ligarako puntuagarriak izango dira igandeko saioak, eta bertan lehiatuko dira Zumaiako eta Orioko traineruak, besteak beste.
Itsaso zabalean jokatuko dituzte estropadak, herriko arraun eremuan, hain zuzen ere. Lehenengo emakumezkoek jokatuko dute estropada, 12:00etan hasita. Igandeakon A taldeko traineruak arituko dira itsasoan, Galizia, Zumaia eta Oriokoak, hain zuzen ere. Talde horrek hirugarren jardunaldia egingo du; azkeneko jardunaldian, gainera, Zumaiako traineruak eraman zuen bandera.
Emakumezkoek 2.778 metro (1,5 itsas mila) egingo dituzte, eta guztira bi luze eta ziaboga bat egingo dituzte. Egun, Zumaia bere taldeko lehenengo postuan da, bost puntukin; Galiziak ere bost puntu ditu, eta hau bigarren postuan da, eta Orio, berriz, hirugarren da, bi puntukin.
Ondoren San Miguel ligako gizonezkoen saioa hasiko da; estropada horrek 5.556 metroko (hiru itsas mila) ibilibidea du, eta arraunlariek lau luze eta hiru ziaboga egingo dituzte. Egun, Zumaia eta Orioko traineruak hamar eta hamaikagarren postuan daude, hurrenez hurren; aurreko egunean Getxon jokatuko duten estropadetako emaitzek zehaztuko dituzte igandeko tandak; baina ezustekorik izan ezean eta egungo sailkapen orokorraren arabera, eskualdeko traineruak lehenengo tandan lehituko dira, Camargo eta Castrorekin batera.
Bestetik, estropadak 12:00etan hasiko badira ere, Eusko Tren Ligako ordezkariak 10:00etan elkartuko dira Saturaren Ezagutza Etxean. San Miguel Ligako ordezkariek, berriz, 10:30ean egingo dute batzarra.
Iñaki Agirrezabalagak adierazi du ikurriñaren eguna garrantzitsua dela Zumaian, eta Udalak hori kontutan hartzen duela antolatzerako orduan; «krisiak krisi, hitzordu finkoa izan ohi da egun hori. Kirol jarduera guztiak ez dira berdinak izaten, eta Zumaiako Ikurriña egutegian gorriz margotzen dugu».
Goikoetxeak, bere aldetik, nabarmendu du aurtengo edizioa ongi atera dadin lanean ari direla. Zentzu horretan, traineruetako taldeei eskatu die autobusak herrira ez sartzeko, eta horretarako Zumaiako Arraun Elkartearen atzean ahalbidetuko dituzten guneak errespetatzeko.