Bigarren legealdia izango da Iñaki Agirrezabalagarentzat (Zumaia, 1977) Zumaiako agintari gisa. Esperientziak emandako ziurtasunarekin, aurreko legealdiko krispazioa atzean utzi, eta datorrenari gogor helduko dio. Lehenengo lana: egoera ekonomikoari buelta ematea. Zumaiako Udalbatza osatzen duten alderdi politiko guztien parte hartzea bultzatuko dute. «Horretarako beharrezkoa da bi aldeen lan egiteko borondatea», dio.
Aurreko legealdia hitz batean azaltzea oso zaila da. Krispazio handiko legealdia izan da, oro har. Egoera berezia geneukan Udalean, eta egoera horren aurrean, zailtasun handiak izan ditugu, gauzak aurrera ateratzeko arrazoi asko medio. Batetik, hiru alderdi politiko elkartu ginen alkate aukeraketako garai hartan, eta gerora, lau urtean kudeatu behar izan dugu hori.
Horrez gain, zinegotzi batek bere burua soilik ordezkatzen zuen, eta, ondorioz, gehiengo absolutua bertan behera geratu zen. Horrek asko konplikatu zigun kudeaketa, legealdiaren bigarren zatian batez ere. Izan ere, plenora eramandako puntu asko atzera botatzea lortzen zuten, nire ustez argumentu gehiegirik gabe. Nahiko zailtasun izan genituen arlo horretan.
Hala ere, zailtasunak zailtasun, alderdi onak ere izan ditu aurreko legealdiak. Batetik, elkarlanean jarduten jakin dugu, zorionez. Elkar ulertu dugu, eta fruitu onak eman ditu horrek. Bestetik, udaletxeko ateak irekitzea lortu dugu, arlo askotan parte-hartze prozesuak martxan jarriz. Eta hori, nik uste, nabaritu egin da.
Zer-nolakoa izango da datorrena?
Legealdi berriari dagokionez, aurrekoarekin alderatuz oso ezberdina izango da. Hasteko, egun lau talde politikok soilik osatzen dugu Udalbatza, eta lau horietatik bi alderdik dute indarra. Indar nagusia, hala ere, Bildu izango da, sei zinegotzi baikara, eta bakarra falta baitzaigu gehiengo absolutua izateko. Ildo horretatik, egonkortasunez beteriko legealdia izango dela pentsatzen dut. Eta Aralarrekin gobernu akordioa sinatuta, are egonkorragoa izango da.
Bestalde, nahiz eta politikoki ezberdinak izan, oposizioarekin elkar ulertu nahi dugu, eta horretan jardungo dugu, batez ere, krisi ekonomikoari aurre egite aldera. Diru-sarrerak asko jaitsi dira, eta Zumaia ez da irla bat; gure herriari ere eragin dio krisiak. Horren aurrean, hainbat erabaki hartu beharra dago. Legealdi honen hasieran, Zumaia Lantzen elkarte publikoaren likidezia falta dela-eta, neurriak hartu beharko dira, eta horrek Udalari eragingo dio, noski. Baina gure ardura da horri erantzutea. Hala ere, horrek Zumaiako askotariko taldeei, eragileei eta Udalarekin harremana duten guztiei ez eragitea da gure helburua. Egunerokotasunari ez eragitea, alegia.
Likidezia arazo horri irteera emate aldera, elkarlana indartu beharko duzue oposizioarekin.
Bere garaian beharrezko erabakiak hartu balira, ez ginateke egoera honetan egongo, eta aurrerantzean hartu beharreko erabakiak ez lirateke hain larriak izango. Batzuk, ordea, ezezkoa emanda arazoa desagertu egingo zela uste zuten. Baina argi dago ez dela hala izan eta izango. Egun arazoa are larriagoa baita. Hori dela eta, espero dugu guztiok Udalaren eta Zumaiaren alde arrazionaltasunez jokatzea, eta ez alderdi partikularrari begira.
Batzorde guztiak Aralarren eta Bilduren esku egongo dira aurrerantzean.
Hauteskundeen ostean EAJrekin batzordeen arduren inguruan hitz egiteko prest agertu ginen; negoziatzeko borondatea azaldu genien, hain zuzen. Hitzarmenak egin aurretik programak berrikusi behar zituztela erantzun ziguten. Gerora, zehaztu gabeko puntuak ikusi zituztela adierazi ziguten. Alkatea aukeratzeko egunean programa aztertzeko denbora gutxi izan zutela esan
ziguten. Nahiz eta guk halako proposamena egin, azkenean ez da posible izan, eta Bilduk eta Aralarrek hartu dituzte gehienak, gobernu akordioa sinatu baikenuen.
Hala ere, hasieran esan genien moduan, irekita gaude elkarlanerako. Gobernu Batzordeko deialdi guztiak bidaliko dizkiogu oposizioari, nahiz eta erabakirik ez hartu, presente egon eta iritzia eman dezaten. Halakoa izango da gure joera: zabaltasunez, guztiak parte hartzeko aukera izatea.
Blokeen aroa amaitu eta zubiak eraikitzeko asmoa zenutela adierazi zenuen.
Hori berretsiko al duzue datorren legealdia?
Hala da, baina zubia eraiki ahal izateko bi aldeek egin behar dute lan, zubiak ere bi alde izango dituelako. Hori dela eta, beste aldeek, oposizioak, horretarako borondatea erakutsi beharko du.
Datorren legealdian zu izango zara liberatu bakarra. Iaz bi liberatu zeuden. Zergatik aldaketa hori?
Hainbat formula aztertu ostean, legealdia hasteko liberatu bakarra alkatea izatea nahikoa dela erabaki dugu. Azken finean, eskarmentua daukat, ez naiz berria, eta badakit gaiak nondik nora doazen. Hori kontuan izanda, printzipioz liberatu bakarra izatea nahikoa da. Denborak aurrera egin ahala, irekita gaude beste liberaturen bat izateko. Abuztua pasatu ostean, batzordetan hobeto aztertuko dugu eta gainontzeko zinegotziekin hausnartuko dugu, eta ikusiko da. Hasteko nahikoa da.
Horrek ez du esan nahi nik bakarrik jardungo dudanik lanean. Batzordeburu batzuk daude, eta ardurak dituzte, eta jada martxa onean ari dira, bakoitza bere alorrean. Ez noski eguneko 24 ordutan, bakoitzak norbere lana duelako, baina asteko egun batzuetan udaletxean izaten dira jardunean eta erabakiak hartzen.
Eta zein izango da lehenbizi eginbeharrekoa? Nondik hasiko zarete?
Egoera ekonomikoarekin kezkatuta gaude, eta hor zentratuko gara lehenbailehen. Foru Aldundiaren laguntzak behera egin dute azken urteotan, eta horrek aurrekontuetan murrizketak egitera bultzatu gaitu. Zentzu horretan, beste administrazioekin elkarlanean jardun beharko dugu, diru-sarrera horiek areagotze aldera. Egoera horri buelta eman ahal izateko modua aurkitu beharko dugu, orain arte genituen aurrekontu propioetatik ezingo baitugu tira. Esfortzu ekonomikoa eskatzen du horrek, eta egoera horretan, ingeniaritza lana egiten saiatu behar dugu. Proiektu zehatzen bitartez, eta beste administrazioekin elkarlanean, diru- iturri berriak lortzea izango da gure helburua, eragileei eragin gabe.
EAtik Bildura pasatu zara. Jauzia izan al da?
Ez, oso modu naturalean gertatu da guztia. Ni EAko ordezkari militantea naiz, eta Bilduko kide ere banaiz, hainbat talde politiko ezberdinok osatzen dugulako, koalizio moduan. Batuketa esfortzua izan da, ez da gauetik egunera egiten den prozesua, batzuk leporatu digutenaren kontran. Prozesu luze baten ondorioa izan da. EAk aspaldidanik zuen buruan hori. Seguraski EAtik urrun ibili den eta beste alderdi bat bozkatu duen batek ez zion erreparatuko gure alderdiari. Politika gustatu balitzaio, eta EA egiten ari zen hausnarketa jarraitu balu, ordea, konturatuko litzateke prozesua naturala izan dela.
Batzar Nagusietako Deba-Urolako Bilduren ordezkaria ere izango zara.
Bildutik bi alkatek hartuko dugu parte Batzar Nagusietan, neuk eta Oñatikoak. Horrek Foru Aldundia nondik nora doan garbi ikusten lagunduko digu. Jakinda zein egoera ekonomikoan gauden, herriarentzat onuragarria izango da administrazioen egoeraren berri izatea, garrantzia zeri ematen dioten eta zeri ez ikusteko. Hala, gerora bidea nondik egin zehaztu ahalko dugu. Esperientzia berria da niretzat, eta gustura nago.