Erosketak modu onean egin ahalko dituzte zumaiarrek ‘outlet’ azokan

Urola Kostako Hitza 2011ko uztailaren 21a

Asteburu honetan stock-outlet azoka jarriko dute Zumaiako merkatariek, eta, hala, herritarrek zenbait produktu prezio onean erosteko aukera izango dute larunbatean eta igandean.
Amaia Plazan egingo dute azoka. Hamasei merkatarik jarriko dute postua bertan; Ipotxak, Flysch, Kulunk, Marisa Oinetakoak, Piratxea, Izk, Idoia, Spot, Gofi, Axier kirolak, Oskarbi kirolak, Kuttun, Arruti, Trikuharri, Hirueme eta Zuhaitz ileapaindegiak jarriko dituzte beraien produktuak salgai, zehazki.
Larunbatean eta igandean, 10:00etan zabalduko dituzte ateak, eta 20:00etara bitartean bertaratu ahal izango da.
Azokaz gain, ordea, haurrentzako puzgarriak ere jarriko dituzte stock-outlet-a egiten duten bitartean. Gaztetxoentzat, berriz, diskofesta prestatu du merkatarien elkarteak, 18:00etatik 20:00etara arterako.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide