Hainbat herrialdetako dantza folklorikoen jaialdia egingo dute igandean

Urola Kostako Hitza 2011ko uztailaren 21a

Irungo Eraiki dantza taldeak urtero antolatzen duen Bidasoaldeko Nazioarteko Gazteen Folklore Jaialdia, eta aurten, igandean, Zumaian eskainiko du saioa. Euskal Herriko nahiz nazioarteko dantza taldeek hartuko dute parte ekitaldian.
Munduko dantzak ikusi ahal izango dituzte herritarrek. Izan ere, Eraiki taldeak ez ezik, Mexikoko, Indonesiako eta Irlandako taldeek ere egingo dituzte dantzak goizean eta arratsaldean.  13:00etan desfilea egingo dute dantza talde guztiek Zumaiako kaleetan zehar, eta 19:00etan jaialdiari ekingo diote, Eusebio Gurrutxaga Plazan.
Gazteen Folklore Jaialdia 1996an egin zuten lehen aldiz Bidasoaldean, munduko kultura anitzak ezagutarazteko. Ordutik Urola Kostako eskualdeko herrietan ere egin dituzte gisakoak. Aurten Zumaiari egokitu zaio.
Irlandako Leinster probintziako Scoil Rince Mobhi talde folklorikoak herrialde horretako dantza tradizionalak jorratzen ditu, baina, era berean, bestelako estiloak ere ikasten dituzte gazteek. Bederatzi eta hamabost urte bitarteko hogei ikasle inguruk osatzen dute taldea, eta, oro har, dantza leunak egiten dituzte. Halaber, klake estiloa gogorarazten duten dantzak ere egiten dituzte, zapaten hotsei garrantzia emanez. Taldeak zenbait sari irabazi du nazioarteko txapelketatan.
Tonalli Ambar taldeak, bere aldetik, Mexikoko tradizio herrikoiak sustatzea du helburu. Mexikoko tokian tokiko dantzak eskaintzen ditu taldeak, marinba, arpa edota jarana musika tresnak erabiliz. Herrialde hartako tresnak dira guztiak.
Indonesiako taldeak, berriz, Smp Al Ikhlas Yakarta du izena. Herrialdearen historiako hainbat garairen eragina antzeman daiteke euren dantzetan. Esaterako, gorte dantzetan eta dantza erritualean oinarritutako mugimenduak egiten dituzte.
Irungo Behobia auzoko Eraiki Dantza Taldeak, azkenik, Euskal Herriko zazpi probintzietako dantza tradizioanalak taularatuko ditu. Kideek adierazi dutenez, herrialde bakoitzeko eta garaian garaiko jantziei eta musika tresnei «berebiziko garrantzia» ematen diete egin ohi dituzten 150 dantza ingurutan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide