Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Ohi bezala, udari begira, ZISKE Zumaiako Itzurun Surf
Kirol Elkarteak jaialdia
antolatu du Itzurun hondartzan. Larunbatean izango da surfaren inguruko ekitaldia, eta askotariko jardunalditan parte hartzeko aukera izango dute herritarrek. 15:00etatik aurrera, esaterako, surf eta bodyboard ikastaroak eskainiko dituzte surf taldeko kideek. Doako ikastaroak izango dira, eta irekiak; edonork hartu ahalko du parte, beraz. Bestalde, stand up paddle edo arraun surfa praktikatzeko aukera ere izango dute bertaratzen direnek. 20:00ak aldera bitartean emango dituzte eskolak surflariek.
Kirola egin ostean, indarberritzeko ordua iritsiko da. Ildo horretatik, parrillada eskainiko dute elkartekideek. Hala, herritarrek doan afaltzeko aukera izango dute Itzurun hondartzan. 400 bat pertsonarentzat prestatuko dituzte parrillan erretako jakiak.
Afalostean, musika
Musikari ere egingo diote tartea egitarauan. Hala, Adabegi
talde zestoarra eta Bad Sound System irundarrak izango dira Itzurunen, festa borobiltze aldera. Zestoarrek, gainera, azken
diskoa aurkeztuko dute. «Diskoa aurkezteko bira modukoa egiten ari gara. Zumaian egingo dugu laugarren geldialdia», nabarmendu du Adabegiko taldekide Ladis Rivasek. Munduko musiken
fusioan, eta, batez ere, txalapartaren melodian oinarrituta, «egundoko saltsa» jartzeko asmoz daude Adabegiko kideak.
Eguraldi txarra eginez gero, larunbat gaueko kontzertuak gaztetxean izango direla jakinarazi du Rivasek.