Esklerosia dutenei elkartasuna azaltzeko igeri saioak izango dira

Zarauzko Hitza 2011ko uztailaren 7a

Gipuzkoako Esklerosi Anizkoitzaren Elkarteak, Eugenia Epalza Esklerosi Anizkoitza Euskal Fundazioarekin batera, gaitza duten pertsonen aldeko ekintzak antolatu ditu azken hamalau urtotan, Busti zaitez kanpainaren barruan. Aurten ere, gaixotasunaren ...

Gipuzkoako Esklerosi Anizkoitzaren Elkarteak, Eugenia Epalza Esklerosi Anizkoitza Euskal Fundazioarekin batera, gaitza duten pertsonen aldeko ekintzak antolatu ditu azken hamalau urtotan, Busti zaitez kanpainaren barruan. Aurten ere, gaixotasunaren inguruko informazioa eskainiko dute, pertsona horiei elkartasuna adieraztearekin batera, Azpeitian, Orion, Zarautzen eta Zumaian, Gipuzkoa, Bizkaiaeta Arabako beste hainbat herrietan bezala.
Aurreko urteetan bezala, Orion, Zarautzen eta Zumaian hondartzan egingo dute igeri elkartasuna agertu nahi dutenek. Fundazioak egokituko ditu horretarako guneak. Azpeitian, berriz, kiroldegian egingo dute. Kostaldeko herrietan igandean egingo dute ekimena, eta Azpeitian, hurrengo asteartean. Antolatzaileek nabarmendu dute ekitaldi «sinbolikoa» izan ohi dela. Beraz, ez dago gutxieneko distantziarik; norberak nahi edo ahal dituen metroak egingo ditu. 10:30ean irekiko dituzte guneak, baina egun osoko ekimena izango da.
Elkartearentzat dirua
Esklerosi anizkoitzaren informazio guneak jarriko dituzte, gizartea sentsibilizatzeko. Zarautzen malekoian egongo dira, 10:00etatik eguerdira; Zumaian, 11:00etatik aurrera hondartzan izango dira, eta Orion herriko plazan pasako dute goiza; Azpeitian, berriz, goizean merkatuan egongo dira, eta arratsaldean igerilekuan. Postuetan, gaitzaren inguruko datuak emateaz gain, Gipuzkoako Esklerosi Anizkoitzaren Elkarteak eskaintzen dituen zerbitzuak finantziatzeko asmoz Kukuxumuxu etxeak egindako produktuak salduko dituzte.
Antolatzaileek, ondoren, metro guztiak batuko dituzte. Ekimenak aurten ere iaz izan zuen harrera izango duelakoan daude. Gipuzkoan, esaterako, ia 40.000 lagunek hartu zuten parte ekimen solidarioan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide