Beheko Plaza jubilatuen elkarteak bloga sortu du, herriko adinduei zuzenduta

Urola Kostako Hitza 2011ko uztailaren 5a

Zumaiako Beheko Plaza jubilatuen elkarteak egitasmo berri bat jarri du martxan, teknologia berrietara hurbiltzeko asmoz; bloga sortu dute elkarteko kideek, Zumaiako KZ guneko arduraduna den Maite Illarramendiren laguntzarekin;   hogarzumaia.blogspot.com helbidean, herriko adinduentzat zuzendutako txokoa bihurtu nahi dute bloga.
Illarramendik adierazi du Mayores con iniciativa (Iniziatibadun adinduak) lehiaketaren baitan sortu dutela webgunea; egitasmoak 55 urtetik gorakoek teknologia berriei beldurrra kentzea du helburu, eta Illarramendik proiektu horren berri izan zenuen lantokian; «lehiaketaren deialdia jaso nuenean jubilatuen elkartera joan nintzen, eta hasieran zortzi lagun hasi ziren lehiaketa horretan parte hartzen, baina egun bi pertsona soilik ari dira aurrera eramaten».
Maria Arriola eta Arritxu Bidasoro dira bi lagun horiek; egun, beraiek kudeatzen dute webgunea, eta beraiek sartzen dituzte albisteak; «hasieran elkartearen inguruko edukiak sartzen genituen; egiten genituen irteerak, ekimen berriak... Baina ez genuen uste horiek nahikoak zirenik, beraz, ondoren herriko kontuei eustea erabaki genuen», dio Maria Arriolak; beraz, egun mota askotako edukiak jorratzen dituzte, guztiak ere herriko adinduei zuzenduta. Herriko kontuak, pertsonaia nagusiak, edota egin dituzten bidaietako argazkiak aurkitu daitezke blogean.
Gainera, aurrerantzean eskualde mailako berriak sartzeko asmoa dutela ere jakinarazi du Arriolak.
«Asko ulertu gabe hasi ginen bloga sortzen», aitortu du Arriolak; baina pixkanaka ikasi dute nola sortu bloga, baina horretan hasi zirenetik «lan dezente» egin dutela nabarmendu du; elkarri lagunduz aurrera egin dutela adierazi du honek, eta herriari zerbitzua emateaz gain, pertsonalki Internetek «asko lagundu» diola esan du Arriolak, «deskonektatzen» laguntzen diolako, paradoxikoa bada ere.
Beheko Plazako blogak herritarren artean «harrera ona» izan duela jakinarazi du Arriolak, pertsona «asko» sartzen direla ikusi baitute. Horrek guztiak ematen dioten motibazioa dela-eta, blogarekin aurrera jarraitzeko asmoa dutela azaldu dute. Gainera, lehiaketaren inguruan ere ilusioa dute kideek, baina hori irabazteko jendearen botoak behar dituzte; «hori da lehiaketak duen arazoa; izan ere, bozkatzeko pausuak ez daude oso argi eta prozesua konplexua da. Hori konpontzeko ahaleginetan ari gara». Irailera bitartean bozkatu daiteke Beheko Plazak sortu duen webgunea, eta blogean bertan azaltzen dituzte horretarako eman beharreko pausoak. Lehiaketa irabaziz gero, teklogiarekin lotutako saria jasoko dute blogaren kudeatzaileek, eta hurrengo fasera pasatzen badira, elkarteareak saria jasoko du.
Egun, gaztelera hutsean dago bloga, eta Arriolak azaldu du bertako edukiak euskarara itzultzeko arazoak izan dituztela. «Izan dugun eskola gazteleraz jaso dugu, eta ez gara gai euskaraz edukiak sartzeko».
Gainera, Illarramendik azaldu du arazoak izan dituztela gaztelerazko edukiak euskaratzeko, baina horretarako laguntza izanez gero euskaraz itzultzeko asmoa azaldu dute biek.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide