Zumaiako pertsona nagusiei zuzenduta, Imsersok zenbait bidaia antolatuko du; bidaia horiek prestatzeko deialdia zabaldu du Imsersok, eta eskaera orriak jaso eta aurkezteko epea bihar amaituko da. Horretarako, Branka Gizarte Zerbitzuen egoitzara joan behar da, baina inprimakia Internet bidez ere eskuratu daiteke, sede.imserso.gob.es helbidearen bidez.
Antolatzaileek adierazi dutenez, Andaluziara, Kataluniara, Balear eta Kanaria Uharteetara eta Portugalera joatea aurreikusi dute. Halaber, bidaiak 8, 10 eta 15 egunetakoak izango dira. Izena ematen dutenek, joan etorriko bidaia, ostatua pentsio osoko erregimenean, taldearen aseguru poliza, osasun zerbitzua eta animazio programa jasoko dute.
Bidaietara joateko ezinbestekoa da 65 urte baino gehiago izatea; halaber, Pentsioen Sistema Publikoko pentsioduna izan behar da. Hala ere, alarguntasun pentsioa duten 55 urtetik gorakoek ere har dezakete parte, baita ezintasunen bat, beste pentsioren bat edo aurre-jubilatu pentsioa duten 60 urtetik gorakoek ere.