Udal Musika Patronatuak eta Piano Studiok Udaleku Musikalak antolatu ditu udarako beste behin. Uztailean zehar egingo dituzte udalekuak, haurrengan musikarako zaletasuna pizteko asmoz.
Horretarako, antolatzaileek adierazi dute haurrei "gehien gustatzen" zaizkien ekintzak egingo dituztela; hala nola, jolas, marrazki, mimo saio eta musikaren bitartez gerturatuko dituzte musikara.
Udalekuetan parte hartzen duten haurrek musikaren historia ikasiko dute, Barroko garaitik gaur egunerarteko ezagutzak barneratuko baitituzte, besteak beste. Halaber, musika klasikoaren bidez haurrengan "sentsibilizazio artistikoa" garatzea ere nahi dute antolatzaileek. Halaber, udalekuetako azken egunean familiei zuzendutako kontzertua eskainiko dute haurrek, eta diplomak banatuko dizkiete.
Bi aste iraungo dituzte udalekuek, uztailaren 18tik 29ra bitartean eramango baitituzte aurrera. Zumaiako Ubillos Musika Eskolan izango dira saioak, bi taldetan banatuta; talde bat lau eta bost urteko haurrek osatuko dute, eta bestea 6tik 12 urtera bitartekoek. Bertan aritzeko hilak 19ra bitartean eman daiteke izena; horretarako Kutxako 2101 0176 91 0126224377 zenbakian 80 euro sartu behar dira. Ordainketa egiterakoan, haurraren izen abizenak zehaztu beharko dira. Ondoren, izen emate orria, diru-sarreraren ordezkagiria eta argazkia aurkeztu beharko dituzte.
Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide