Kaleko zaborra artelan bihurtzen du Imanol Ossa (Zumaia, 1966) artistak. Bartzelonan sortzen ditu lanak zumaiarrak duela hamabost urtetik. Eta azken egunetan Txinan egon da ikusgai Piano lanpara Sol klabean lana. Espainiako Cervantes Institutuak Art Pekin azokan izan duen stand-ean izan da ikusgai artelana. Uztailean zehar Shangaira (Txina) eramango dute piano teklekin egindako lanpara, eta irailean Tokion (Japonia) izango da ikusgai, etxera itzuli aurretik.
Nolatan iritsi da zuren artelana Pekineraino?
Associació Drap-Art elkarteko kidea naiz. Elkartean artea eta birziklatzea uztartzeko jarduten dugu lanean. Urtero antolatzen dugu bi gai horien inguruko maratoia. Bartzelonako kultur etxe batean egin izan dugu maratoia orain arte. Cervantes Institutuko ordezkariek urtez urte egiten dugun erakuskera hori ikusi zutenean, egitasmoa zabaltzeko interesa piztu zitzaien. Erakusketa Asiara eraman nahi zuten. Izan ere, interesgarria iruditu zitzaien herrialde hartan horrelako lanak erakustea. Gaur egun, Txinan ikaragarri kontsumitzen dute, eta dirudun asko dago. Kontsumismo eta erokeria hori gelditzea da erakusketaren helburua. Birziklatzea sustatzen saiatzen gara gure lanekin, diseinu obren bidez. Beste eredu baten kontzientzia piztu nahi dugu.
Zer lan eraman duzu Pekinera?
Piano lanpara Sol klabean du izena. Lanpara bat da, eta piano teklak ditu. Puskatutako piano bat topatu nuen kalean. Teklak hartu nituen, eta argia jarri eta lanpara bat egin nuen. Nire lanetan beti saiatzen naiz diseinua eta artea uztartzen. Sortzen dugun zaborraren inguruan ohartarazi nahi dut, eta horretarako argia erabiltzen dut. Pianoak, gainera, oso ukitu polita ematen dio obrari. Era berean, poesia du obrak. Mugimendua mantetzen dut,
teklak ukituz gero mugitu egiten baita lanpara. Beraz, zaborrarekin ere gauza politak egin
daitezkeela erakutsi nahi izan dut.
Zer egiten duzue Drap-Art elkartean?
Kultur elkartea da. Tailerrak egiten ditugu Bartzelolan, eta ikastetxeeko jendeekin ere badugu harremana. Beti ere, birziklatzea bultzatzeko ekintzak egiten ditugu. Hasieran indar handia zuen elkarteak; maratoietan, esaterako, ehun artista inguruk hartu ohi genuen parte. Baina, diru-kontuak direla-eta, ekimenak gutxitu egin ditugu pixkanaka-pixkanaka. Hala ere, urteroko ekintzak mantendu ditugu; merkatuak egiten ditugu, esaterako.
Nolako lanak egiten dituzu?
Kalean aurkitzen ditudan materialei argia jartzen diet, eta lanparak sortzen ditut. Bizikleten pizak, garbigailuak, mahai-tresnak, eraztunak, eta abar erabiltzen ditut horretarako.
Argiak esanahi berezia al du zuretzat?
Hein batean bai. Gustatzen zaidan teknika da. Kandela eta argimutilak erabiltzen hasi nintzen, eta ondoren argindarrari heldu nion. Sortzen dugun zaborra agerian jartzeko modua dela iruditzen zait. Zentzu horretan, argia erabiltzea gustatzen zait. Denborarekin bide horrek indar handia hartu duela konturatu naiz. Kontzientzia hartzeko asmoz egiten dut hori.
Nolako harrera izan du zure lanak Pekinen?
Asko gustatu omen da erakusketa. Hala jakinarazi dit han egon den jendeak. Baina Txinan herritarrak kontsumitzeko garaian daude bete-betean. Gure erakusketa kultura du oinarri, eta Tokiora heldu behar du, oso-osorik. Beraz, ezin dira artelanak. Azoka hauetan jendeak piezak etxera eraman nahi izaten ditu. Halakorik egin ezin dutenez, esan didate jendea pixkat zapuztuta ateratzen dela. Baina bestela, oso harrera ona izan du. Arte mota hori ulertzen dute.
Zure lanek helburu politikoa dutela diozu. Zer esan nahi duzu horrekin?
Politikoa esaten dudanean, ekologiari egin nahi dio erreferentzia. Zumaian bizi nintzenean ere mugimendu ekologistetan ibili nintzen. Filosofia horri eusten diot, baina beste beste ikuspuntu batetik egiten dut borroka: Artearen ikuspuntutik.
Erabilitako objektuekin obrak sortzeko joera hazi egin dela uste al duzu?
Bai. Duela hamabost urte hasi ginen lehenengo Drap-Art mugimenduko maratoiak egiten. Orain modan dago. Industriak barneratu eta ontzat eman du mugimendua. Arte eta diseinu munduan ere asko birziklatzen da azken urteetan.
Zergatik dago modan?
Ezin delako horrenbeste kontsumitu, edo beste modu batera egin behar dela jabetu delako jendea, besteak beste. Ari gara kontzientzia hartzen.
Bai, abendu inguruan zabaltzeko asmoa dut, baina oraindik ez dago data zehaztuta. Interiorismoa eta arteak bat egingo dute erakusketa horretan. Hala, Zumaiako erakusketan etxebizitza bat irudikatzea gustatuko litzaidake. Egiten ditudan lanparekin etxe bat sortuko dut. Gainera, orain arte egin ditudan pieza politenak erakusteko asmoa ere badut, bide batez.