Gastronomia eta iraunkortasuna helburu, Slow Zumaia jardunaldiak egingo dituzte

Urola Kostako Hitza 2011ko maiatzaren 31

Zumaiako Udalak, Zumartian plataformak eta merkatari elkarteak Slow Zumaia jardunaldiak antolatu dituzte bigarren aldiz, gastronomia eta natura iraunkorra bultzatzeko asmoz.
Antolatzaileek iazko egitaraua murriztu egin dute, eta gastronomiari eman diote garrantzia aurtengoan. Izan ere, aurrekoan jardunaldien hamabostaldia egin zuten, eta bertan hitzaldiak edota tailerrak egin zituzten. Maider Izagirre merkataritza aholkulariak adierazi du ekitaldi horiek ez zutela «erantzun ona» izan, beraz, aurtengoan, batez ere pintxoek hartuko dute egitaraua.
Ostegunean, ohiko moduan, pintxo poteoa egingo dute herrian. Ohiko zerbitzuaz gain, ordea, ostiraleko pintxo lehiaketarako txartelak banatuko dituzte, doan. Zumaia hotela, Marina Berri, Kantauri, Gure Txokoa, Trapaia, Itzurun eta Kresala tabernen artean banatuko dituzte txartelak. Horiekin pintxo bat jasoko dute doan, eta ondoren Facebook bidez bozkatu ahal izango dute gehien gustatu zaien pintxoa, igandera bitartean.
Ostegunean ez ezik, txartelak ostiralean ere erosi ahal izango dute, baina euro baten truke. Halaber, parte-hartzen duten herritarren artean 100 euroko txekea zozketatuko dute, Zumaiako dendetan gastatzeko. Herritarren sariaz gain, ordea, epaimahaiaren saria ere jasoko dute tabernariek ostiralean.
Lehiaketarekin batera, pintxo festa egingo dute etzi Kofradian, eta arratsaldean Trapaia, Basusta, Marina Berri eta Hotel Zelaiko sukaldariak arituko dira pintxoak egiten. 700 pintxo inguru egingo dituzte, eta herritarrek dastatzeko aukera izango dute. Horrez gain, Flysch opilak ere banatuko dituzte.
Larunbatean, berriz, haurrentzako ekitaldiak izango dira goizean; Zumaiako Herri Eskolako DBH 4. mailako ikasleen eskutik, eskulanak eta bestelako jolasak egingo dituzte Erribera kalean. Jon Urbietak girotuko du kalea eguerdira bitartean, eta gazteek patata tortila  goxoena egin ahal izango dute. Patata tortilan parte hartzeko aldez aurretik izena eman behar da, Turismo Bulegoan. Gazteek etxetik eraman beharko dute tortila eginda, eta irabazleak 100 euroko txekea jasoko du, herrian gastatzeko. Halaber, bigarren eta hirugarren irabazleek 50 euroko txekea lortuko dute.
Arratsaldean, berriz, txokolate jana eta haurrentzako jolasak egingo dituzte, eta iluntzean funk eta soul doinuak nagusituko dira Amaiako plazan, Billie Jeans taldearekin.
Pintxoez gain, Trapaia, Marina Berri, Zelai eta Basusta jatetxeek Slow food teknikaz egindako menuak egingo dituzte ostiralean, larunbatean eta igande eguerdian. Hogeita bost euroren truke jan ahal izango propio jardunaldi hauterako prestatuko dituzten menuak.
  • EGITARAUA
Osteguna, ekainak 2
- Arratsaldetik aurrera, pintxo poteoa.
Ostirala, ekainak 3
- 18:00-19:30. Pintxo dastaketa Zumaiako jatetxeen eskurik eta Fliysch opilen dastaketa.
- 19:00. Pintxo lehiaketa.
- 18:00-20:30. Jon Urbietaren emanaldia.
Larunbata, ekainak 4
- 11:30. Haurrentzako eskulanak eta aurpegi margoketa, Erribera kalean.
- 11:30-13:30. Jon Urbietaren musika emanaldia.
- 12:00. Gaztetxoentzat patata tortila lehiaketa.
- 18:00. Haur antzerkia, Aste Berdearen barruan, Kofradian.
- 19:00. Ondartxo plazan, haurrentzat jolasa eta txokolatada.
- 19:30. Billie Jeans taldearen kontzertua, Amaiako plazan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide