Bosgarren denboraldia osatu berri du entrenatzaile lanetan Igor Kindosek (Azkoitia, 1978), eta emaitza aparta lortu du: Ohorezko Mailara igo du Urola Kirol Elkarteko talde nagusia. Eskerrak eman dizkie lagundu dioten guztiei: «Une txarrak ere izan dira, eta momentu horietan aldamenean izan ditudanek asko lagundu didate». Datorren sasoian, gauzak ondo, Zumarragako taldean segiko du, eta helburua oso garbi dauka: Ohorezko Mailan egonkortzea.
Bai. Aurreko partidan, azken-aurrekoan, aukera izan genuen igotzeko. Orion jokatu genuen Getariako Ketaren aurka, eta sekulako giroa sortu zen, Zumarragatik jende asko joan zelako. Irabazi izan bagenu, txapeldun izango ginen. Baina ezin izan zen irabazi. Gero, azkeneko partidan, Antzuolaren aurka, kale edo bale egin behar genuen. Osagai denak geneuzkan igotzeko: Herriko zaleen aurrean jokatzen genuen, geure zelaian... Eta lortu egin genuen. Azken-azken minutuan lortu izanak eman zion, gainera, beste zerbait gure lorpenari. Nahita eginda ere ez zen hain polita izango.
Lasaitasuna irabazte aldera, azken-aurreko partidan igotzea hobe izango zenuten. Baina lortu duzuen bezala lortu izanak ez al du gehigo bete herriko zalea?
Zuzendaritzak esan zidan Ketaren aurka berdindu eta gero, politagoa izango zela etxean mailaz igotzea, zaleen aurrean, zelaian 600 lagun zirela. Kontsolatzeko esango zuten, ziurrenik. Baina nik nahiago nuen lehenago igo, lana ahalik eta azkarren bukatzeko.
Igoera lortu zenuten partidan, Antzuloaren aurkako hartan, zer sentitu zenuen azken minutuan gola sartu, eta partida bukatu zenean?
Entrenatzaile bezala oso kontzentratuta nengoen, partidan oso sartuta. Eta momentu horretan ez duzu ateratzen barruko dena. Futbolari batek eta entrenatzaile batek ez dute gauza bera buruan partida jokoan dela. Gola sartu genuenean «gol!» esan nuen, justu-justu. Gero, epaileak partidaren amaiera adierazi zuenean, orduan atera nuen dena. Ezin daiteke deskribatu zer sentitu nuen. Oso polita izan zen.
Mailaz igo eta astebetera, joan zen larunbatean, Preferenteko finala jokatu zenuten beste multzoko aurrenaren aurka, Beti Gazteren kontra. Hori hori ere irabazi egin zenuten. Txapeldun izan zarete.
Bai. Beno, azkenean asteburuko partida hori saria izan da; denboraldi onari jarri zaion saria. Irabaztea garrantzitsua zen, eta lortu genuen, baina ez geneukan presiorik irabazteko. Hala ere, politagoa da txapeldun izatea, eta klubarentzat ere erakargarria da oso lorpen hori. Azkenean, oso denboraldi biribila atera zaigu.
Zergatik igo da Urola?
Erregulartasuna izan da gure ezaugarri nabarmenena. Denboraldi guztian oso garbi izan dugu zein diren gure ezaugarri onenak: Defentsako lana ondo egin, eta aurrera begira berrikuntzak gehitu. 31 partidetan hamazazpi gol bakarrik sartu dizkigute, eta horrek puntu asko ematen ditu. Gero, buru aldetik ere lan handia egin behar izan dugu jokalariekin; aurreko denboralditik hartuta zeuzkaten ohiturak kentzea ez da erraza izan. Azkenean, sinetsi egin dute egiten ari ziren lanean, eta konturatu dira eraginkorra izaten ari zela. Poliki-poliki konfiantza hartuz joan dira, eta bide horretatik etorri dira emaitza onak
Denboraldiaren hasieran, jende guztiaren ahotan zegoen Urola zela igotzeko faboritoa. Sentitu al duzu presio hori?
Presioa azkenaldian baino ez dut sentitu, bukaerako bost partidetan. Hiru talderen arteko lehia izango zela argi gelditu zen hor: Urola, Mutriku edo Elgoibar igoko zen. Aurretik, nire lanean buru-belarri sartuta ibili naiz, beti aurrera eginez, eta uste dut oso lan ona egin dela. Banekien bide horretan joanda goian ibiliko ginela. Kezka beti izaten da, baina presioa azkeneko bost partidetan izan dut.
Zure lorpen handiena al da igoera hau, entrenatzaile lanetan?
Beno, bosgarren denboraldia izan dut entrenatzaile lanetan, eta beti gogoan izango ditut aurreneko biak, Zestoan egindakoak. Lehenengoan, hirugarren izan ginen Ohorezko Mailan, eta hurrengoan, maila galdu genuen. Oso ondo etorri zaizkit bi denboraldi haiek, bi muturrak ezagutzeko aukera izan dudalako: Batean, zeruan geunden, bigarren postua lortzeko borrokan, eta bestean, goitik behera egin genuen. Bi urte horietan sekulako esperientzia hartu nuen; asko ikasi nuen, buruari buelta asko eman nizkion. Bestelakoan, bi denboraldi haiek kenduta, eta emaitzari bakarrik begiratuz, aurtengoa oso ona izan da. Eta iazkoa ere bai, Idiazabalen historiako sasoi onena egin genuen-eta.
Aurreko denboraldia bukatu eta gero, maila bat beherago entrenatzea erabaki zenuen, Idiazabal utzi eta Urola hartuz. Apustu handia izan al zen?
Apustua izan zen, egin beharra nuena. Azken batean, oso zaila ikusten nuen Idiazabalek beste koska bat gorago egitea. Jokalariei atera beharreko dena atera nien, eta ez zegoen etekin gehiago ateratzerik. Urola etorri zitzaidan, klub historikoa, eta nahiz eta maila bat beherago aritu, gehiago betetzen ninduen lorpen handi bat eskuratzen saiatzeak Idiazabalekin maila eustera ateratzeak baino. Ondo atera zait apustua.
Urola mailaz igo eta mailaz jaitsi dabil azken urteetan. Sendotuko al da halako batean Ohorezko Mailan?
Zuzendaritza aldatu zuten duela hiru urte, eta ondo ari dira lanean. Nik uste dut taldea indartzen badute, sasoi ona egin dezakeela datorren denboraldian.
Bukatu berri da denboraldia, baina dagoeneko datorrenera begira jarrita, zein izango da Urolaren helburua, mailari eustea ala zerbait gehiago?
Beeno, oraindik ere ikusi egin behar dut segituko dudan edo ez. Hizketan ari naiz haiekin...
Ez al duzu Urolan segiko?
Ziurra ez da. Baina nik jarrai dezadan nahi dutela esan didate zuzendaritzakoek, eta hizketan ari gara, ea tratua ixten dugun.
Zuk segituko duzun ustean, maila berrian zein izango dira Urolaren helburuak?
Pentsatzen dut, zuzendaritzakoak ezagutuz, lehiatzera aterako direla. Maila berrira ahalik eta ondoen egokitzen saiatuko dira, eta denboraldia aurrera doan heinean, helburuak finkatu beharko dira.
Taldea indartu egin beharko al duzue helburuak gauzatzeko, edozein izanik ere helburuok?
Postu denetan indartu beharko dugu, atean izan ezik. Salto handia dago Preferentetik Ohorezko Mailara, eta ahalik eta talde indartsuena osatzea ezinbestekoa izango da.
Erraza al da talde igo berri batentzat jokalariak erakartzea beste lekuetatik?
Inguruko taldeak nola gelditu diren kontuan hartu behar da: Ordizia Preferentera jaitsi da, Idiazabal ere bai, Beasainen ere filosofia aldaketa dago... Mesede egingo digu horrek, eta, gainera, Urolak izena dauka, eta uste dut erakarriko ditugula jokalariak.
Zumarragatik Azkoitira tarte txikia dago. Zure jaioterriari dagokionean, oraindik ez duzu herriko taldean entrenatu. Aterako al duzu arantza hori inoiz?
Egunen batean aterako dudala iruditzen zait. Futbolari bezala 19 urte bete arte aritu nintzen hemen, eta, gero, bizitzako kontuak tarteko, Zestoara joan nintzen jokatzera. Hantxe ibili nintzen amaiera arte, eta entrenatzeari ere han ekin nion, lehen esan dudan bezala. Anaitasunak deitzea ez da nire erabakia izan.
Norbere herrian entrenatzeak ilusioa egiten duela ezin da ukatu. Azkenean, deitzen didaten taldeetara joaten naiz, eta eta gauzak ahalik eta ondoen egiten saiatzen naiz.
Zer ematen dizu entrenatzaile lanak?
Entrenatzaile bati asko gustatu behar zaio futbola. Hor mugitzen garenok gozatu egiten dugu entrenatzen, entrenamenduak prestatzen, entrenamenduetara motibazioarekin joaten... Gero, partidak aste osoko lanaren emaitza izaten dira, eta erakusten dute lana ona den edo ez. Gauzei buelta asko eman behar izaten zaizkio, eta, alde horretatik, asko eskatzen du; denboraldia bukatzeko irrikaz egoten gara, nekagarria ere bada eta.
Eguneko une denetan taldea buruan izaten duten entrenatzaile horietakoa al zara?
Ez dakit horrenbesterako izango den, baina asko pentsatu beharra dago. Gero, hogeitik gora laguneko taldea eramaten jakin behar da, jokalari bakoitza pertsona delako, eta bakoitzak bere izaera daukalako. Denak motibatuta egotea funtsezkoa da, eta entrenatzailearen ardura da hori. Psikologo ona izatea ezinbestekoa da entrenatzailearentzat gaur egun.
Halako garrantzia izanik zuen lanak, behar bezalako balioa ematen al zaizue entrenatzaileoi?
Uste dut entrenatzailearena, gure mailetan, ez dagoela lanbidea bezala hartuta. Baina entrenatzaile profesionalak izaten dituen neurri bereko buruko minak izaten ditugu guk ere. Azkenean, denbora eskaini behar diozu; entrenamenduak, partidak eta abar. Eta, gainera, emaitza onak atera behar dituzu.
Beheko mailetan ez al dago eliteko eredu bera, emaitzei ematen zaien garrantziari begiratuta?
Hori aldatzea oso zaila izango da, eta emaitzei klub denek begiratuko diete.