Goiz-goizetik hasi dira eskualdeko bozkalekuak betetzen. Orokorrean ez da pilaketarik izan, eguerdi partera arte bederen, eta "normaltasuna" izan da nagusi. Hala jakinarazi dute Urola Kostako herrietan hauteskunde mahaietan egotea egokitu zaienek.
Orion goizean goizetik hasi dira herritarrak bozkatzen, eta mugimendu handia nabari da bozkalekuetan. Momentuz "parte-hartze handia" ari dela izaten adierazi dute eskoletako arduradunek. Halaber, goiza "normaltasunez" joan dela argitu dute.
Beñat Solaberrieta Orioko Bilduko alkategaiak goizean bozkatu du, besteak beste. Herritarrek ere 20:00ak bitartean izango dute herri ikastolan, kultur etxean edo udaletxean bozkatzeko aukera.
Aian hamaikak inguruan izan da jende pilaketa handiena. Normaltasuna nagusi izan den arren, zenbaitek etxera itzuli behar izan du NANaren edo legeak onartzen duen beste dokumenturen baten bila. Ezin izan dute EHNA aurkeztuta botoa eman. "Badaezpada ere, Espainiako bandera hartuta etorriko naiz", adierazi du boto emaile batek, haserre. "Atzeraka goaz. Aurrekoan utzi ziguten agiri honekin bozkatzen".
Getarian Berdura Plazan jarri dute bozkalekua, herriko bakarra. Hala, getariarrek ez dute nahasteko arrazoirik izan, eta bertan izan dira botoa eman nahi izan duten guztiak. Zumaian ere normaltasuna izan da nagusi; "aparteko gertakaririk ez", mahaietan egotea egokitu zaien herritarren arabera.
Antzerakoa izan da goiza Azpeitian, Azkoitian eta Zestoan ere. Baita eskualdeko herri txikienetan ere: Aizarnan, Beizaman eta Errezilen.
Zarauztarrak tantaz tanta doaz bozkatzera. Joan-etorria etengabea da, ordea. Goizean zehar ez da pilaketarik egon. 20:00ak arteko epea dute zarauztarrek euren botoa emateko, lasai hartu dute, beraz. Bakoitzari dagokien bozkalekua topatzeko arazoak eta alkate nor aterako ote den susmoak izan dira nagusi goizetik.
Herritarrez gain, politikariak ere izan dira bozkalekuetan. EAJko hautagai Imanol Lasa, Patxi Elola PSE-EEko alkategia eta Bilduko Juan Luis Illarramendi Igerain plazan topatu dira. PPko hautagai Rafa Olaizola ere bertan izan da.