Herrian frontoia egiteko bide luzeari eman dio amaiera udalbatzak. Herenegun egin zuten bilkuran aho batez onartu eta gero, azkenean Sukia S.A. enpresak egingo du frontoia. 4.238.000 euroko aurrekontua izango du enpresak horretarako, eta Andoni Etxaniz Zumaiako alkateordeak eta Hirigintza zinegotziak 2013. urteko udaberrira ingururako amaitua izatea aurreikusten du.
Frontoi berriak 700 lagun baino gehiagorentzat izango du lekua pilota partidetan. Halaber, bertso saioak edota bestelako ikuskizunentzako txokoa ere izango dela adierazi du Udalak, eta saio horietarako 900 ikusleentzat izango dela tokia. Frontoia diseinatzeko orduan, bertako erabiltzaile izango direnen «eskaerei erantzun» diela adierazi du zinegotziak, beraiekin «zehaztu» baitituzte kantxaren «luzera, zabalera, altuera eta materialak».
Frontoiaz gain, Ardantzabiden etxebizitza babestuak egingo dituzte; izan ere, Sukiak frontoia eraikitzearen truke Ardantzabideko partzela eskuratuko du. Etxanizek adierazi duenez, «frontoia etxebizitzak baino erritmo azkarragoan» joango dira eraikitzen.
Ardantzabiden 38 etxebizitza egingo dituzte. Horietatik 32 tasatu muzizipal izango dira, eta beste sei etxebizitza, berriz, Babes Ofizialekoak izango dira. Hirigintza zinegotziaren esanetan, 90 metro koadrokoa izango da etxebizitza bakoitzaren bataz besteko neurria. Ia guztiek hiru logela izango ditu, eta 270.000 euroko prezioa izango dute etxebizitza tasatuek. Etxebizitza horiek guztiak zozketara eramango dituzte. Udalak adieraz du etxebizitzak eskuratzeko lehentasuna zumaiarrek izango dutela. Etxebiden izena emanda daudenen artean zozketatuko dituzte, baina horretarako unea iristear denean jakinaraziko dutela adierazi dute.
Baldintza plegoak jendaurrean jarri zirenetik Sukia S.A. enpresa soilik aurkeztu da frontoia egitera. Sukiak dokumentazio administrazioa aurkeztu beharko du orain, eta ondoren, alkateak Sukiarekin kontratua sinatzeko baimena onartuko dute osoko bilkuran. Etxanizek aurreikusten du Sukia iraila edo urrian hasiko dela frontoia eraikitzen. 18 hilabetetako epea izango du horretarako enpresak, eta, beraz, 2013ko maiatzerako amaitzea espero dute.
Mahai teknikoaren proposamenak aho batez onartu badituzte ere, hainbat alderdik euren zalantzak adierazi dituzte proiektuaren inguruan; Emiliano Cañabas PSEko zinegotziaren ustez «harrigarria» da «halako inbertsio baten aurrean» enpresa bakar bat aurkeztu izana. Pili Etxabek ere «susmagarritzat» jotzen du hori. Halaber, Etxabek frontoia ez dela «Zumaiak behar duena» nabarmendu du: «Besterik ez dagoenez, hala izan beharko du, baina, frontoia ez da egokia», dio.
Maria Eugenia Arrizabalaga EAJko bozeramaileak, bere aldetik, kudeaketaren inguruan bere «kezka» azaldu zuen, etxebizitzen eta frontoien kudeaketarako zenbakiak «estuak» direlako.
Etxanizek, berriz, erantzun die «ahalik eta etxebizitza babestuenak eta eta ahalik eta frontoi egokiena» egitea nahi izan dutela, eta enpresa gehiago ez aurkeztearen arrazoia «egun dagoen likidezia eta finantziazio arazoak» izan daitezkeela gaineratu du.