«Berrogei urtean Aljerian bizi izandakoak aldatu egin nau»

Urola Kostako Hitza 2011ko maiatzaren 12a

Motxila bizkarrean duela azaldu da Miguel Larburu (Zumaia, 1944). Badoa. Donostiara, handik Madrila, eta gero, Belgikara. Badator. Aljeriatik. 1969ean joan zen, Apaiz Zurien kongregazioan, eta berrogei urte pasa egin ditu bertan. Duela urtebete etorri zen. Motxila bete aberastasun zekarren, eta berarekin gordetzen ditu, altxorrak bailiran. Ez dira gauza materialak, sakonagoak baizik. Joan eta etorri ibili behar ez luketenak.
- Apaiz zuria zara. Zer esan nahi du?
Kongregazioa da, elizaren barrukoa. Apaiz beltzak daude, herrietakoak-eta. Gu, berez, apaiz misiolariak gara. Aljerian sortu zen, arropa zuriak erabiltzen zituzten, eta hortik dator izena. Gorde egin dugu izena, eragin handia izan dugulako Aljeriako hezkuntzan eta beste hainbat alorretan. 1868an jaio zen kongregazioa.  Baionako artzapezpiku batek sortu zuen, Martial Lavegeriek. Afrika beltzera joatea zen haren asmoa, baina lehenengo bi karabanetako kideak hil egin zituzten. Aljeriatik abiatu ziren. Hirugarren karabana sartu zen Afrika beltzean.
- Apaiz ikasten ari zinela, garbi al zeneukan kongregazio horretan sartu nahi zenuela?
Ez hain garbi. Nire asmoa zen itsasoarekin lotutako zerbaitean jardutea, apaiz bezala. Beste zumaiar bat ere bazebilen horrelako lanetan, Josetxo Beobide, Terranovan (Kanada), eta antzeko zerbaitetan ibili nahi nuen. Baina gero, apaiz zuri bat ezagutu nuen. Afrikako argazkiak erakutsi zizkidan, eta esaldi bat ikusi nuen: «Irten zure herritik, eta zoaz nik erakutsiko dizudan herri batera». Abrahamek esana da, Genesi liburuan. Bete-betean harrapatu ninduen esaldi horrek. Dena laga, eta Afrikara joan nintzen.
- Herrialde zehatz batera joan nahi al zenuen?
Sahara basamortura joan nahi nuen. Askok esaten zidaten itsasoa bezalakoa dela, handitasuna duelako. Elizatik kanpo egin nahi nuen lan, hezkuntza eta lan mundua sustatzeko. Ez nuen parrokietan-eta lan egin nahi. Eta Aljeriara joan nintzen.
- Noiz izan zen hori?
1969an. Apaiz egin gabe joan nintzen. Ikasketak bukatzera gero etorri nintzen. Hasiera batean, ikasketak osatzera Kanadara bidali ninduten, urtebetez. Baina ez zidan ezer esaten, ez ninduen erakartzen. Frantzian ibili nahi nuen, musulman asko daudelako, eta lagunduko zidalako Aljeriarako. Baina tira, Kanadan izan nintzen, baina elizatik kanpoko lanetan: Etxe orratzak egiten, baserrian lanean, eta abar. Apaiz izan arren, beti gustatu izan zait lan munduan-eta ibiltzea.
- Zergatik Saharara joateko asmoa?
Banekien hara joaten banintzen, ez nuela elizako lanik egin beharko. Eta hala izan zen. Lanbide eskoletan irakasle ibili nintzen hainbat urtez, erretiratu nintzen arte. Ordurako, eskolak nazionalizatuta zeuden, eta liburuak antolatzen jardun nuen, hizkuntzak irakasten, liburutegiak sortzen eta abar.
- Orain zertan zabiltza?
Iaz etorri nintzen etxera, gelditzeko asmoz. Baina sortu zait beste gauza bat. Belgikan komunitatea sortu nahi dugu. Etorkinekin lan handia egin dugu, laguntza emanez, gobernuz kanpoko erakundeen bidez. Eta hara joango naiz. Bigarren eta hirugarren belaunaldiak dira oraingo etorkinak, eta europarrak izan arren, erlijioz musulmanak dira. Zein eskubide dituzte? Arlo horretan sakondu nahi dugu Belgikako egitasmoarekin. Eskubide guztiak aintzat har diezaizkieten lagundu nahi diegu.
- Etorkinen egoera are gehiago zailtzen ari al da?
Bai. Egun hauetan hainbat kasu ikusi dugu. Europako herrialde askotan ultraeskuindarrak hauteskundeak irabazten ari dira. Gaur egungo krisiak islamaren aurkako joera sortu du, eta pena da. Gizarteak beti behar izaten du errudun bat, eta orain musulmanak dira, afrikarrak-eta. Hori atzean utzi nahi dugu, eta ari gara hori aldatzeko ahaleginak egiten. Gaiztoak diren mezua zabaltzen ari dira komunikabideak, eta jendeak onartu egiten ditu esandakoak. Baina ez da horrela.
- Berriz ere Aljeriara itzuliz, zer aurkitu zenuen hara heldu zinenean?
Zuzenean basamortura joan nintzen, eta Argelen egindako sei urte kenduta, gainontzekoetan basamortuan egon nintzen. Ez zen egoera erraza. Erlijioen arteko borroka tarteko, hemeretzi kide hil zituzten, eta gu 200 bat ginen. Bertan segi edo alde egin eztabaidatu genuen, eta ni nintzen arduraduna. Gure kongregazioak alde izan du bertan sortutakoa izan dela, eta horrek indarra eman zigun han gelditu behar genuela erabakitzeko orduan. Baina kideei askatasuna eman genien egoera latzaren aurrean nahi zuten erabakia hartzeko. Batek alde egin zuen, eta hilabete geroago, bere etxean lau kide hil zituzten.
- Zuk zeuk bizi izan al zenuen egoera larririk?
Uste baino gehiago, ziurrenik, ni neu konturatzen ez banintzen ere. Zortzi bat komunitate neuzkan nire ardurapean, eta batera eta bestera ibiltzen nintzen Aljeria osoan, autoz. Kontrol faltsuak ipintzen zituzten, eta hor izaten ziren arazoak. Baina nik irizpide hau neukan: Arazoren bat bazen nire komunitateren batean, joan egiten nintzen, egoera edozein zela ere. Autoa hartu aurreko gauean gaizki egiten nuen lo, baina errepidean sartu eta beste autoak ikusten nituenean, lasaitu egiten nintzen.
- Halako egoeretan, elkarren babesa funtsezkoa izango da, ezta?
Bai. Nik banuen lagun handi bat, Pierre Laffite apaiza, eta asko laguntzen genion elkarri. Bere aita erresistentziako kidea izan zen Bigarren Mundu Gerran.
- Aljerian egindako lanak bete egin al zaitu barrutik?
Bai. Beste gizon bat naiz orain; aldatu egin nau han bizi izandakoak. Hemen gelditu izan banintz apaiz lanetan, neure pentsakera izango nuen, orain bezala, baina kulturen mugan bizitzeko aukera izan dut, eta, horri esker, beste gizon bat naiz. Vaticanoaren eliza oso urruti gelditzen zait.
- Erlijioen arteko elkarbizitza utopia al da?
Ez da batere erraza. Alde batetik, gure erlijioan, bere garaian Vaticanoak asko zabaldu zuen pentsamendua. Baina islama itxita dago orain, sorreran oso irekia bazen ere. Elkarrizketa ez da erraza. Baina nik gazte jendearekin egin dut lan, eskoletan, eta beste pentsatzeko modu bat erakutsi diegu; irekiagoak dira orain lan horri esker. Gure lana Jaungoikoaren lana da, baina ez daukagu egunero Jaungoikoa ahotan, islamak bezala. Gizonaren bidez heltzen da Jainkoarengana.
- Aljeriako musulmanak orain irekiagoak direla diozu. Zu zeu ere irekiagoa al zara lehengo aldean?
Lehen ere irekia nintzen, baina aberatsagoa naiz. Leku askotan ibilia naiz. Kultura eta erlijioa bereiztea da garrantzitsuena, nire ustez. Kultura ez da erlijioa, eta erlijioa ez da kultura. Lotuta daude, baina ezberdinak dira. Aljeriara joatea, kulturaren muga horretan bizitzea, hasieran harrigarria egin zitzaidan. Beste Jaungoiko batean sinesten zutela konturatu nintzen, eta neure buruari esaten nion ez ote ginen ari haiek eta gu kultura eta erlijioa nahasten. Jaungoikoa kultura baino gehiago dela konturatu nintzen, eta asko irekitzen du horrek.
- Hortaz, erlijioak bereizi dituena kultura edota eremu geografikoak izan al dira?
Erlijioa pertsonaren bilaketa da, berez; barruan dauzkagun sentimenduak absolutura eramatea. Horrela sortu dira hainbat erlijio, kulturak hainbeste. Aberastasun horrek lagundu egin dit.
- Aljerian islamaren inguruan hainbat urtez bizi izan eta gero, musulmana ere ba al zara neurri batean?
Ez naiz, eta kostako litzaidake erlijio aldetik islamismoan sartzea. Nire erlijioan, Jaungoikoa pertsona egin zen, eta erabat pertsona izan zen. Islamak ez du hori onartzen; Jaungoikoa urruti daukate. Baina bat egiten dut islamarekin Jaungoikoa ikusteko traszendentzian. Hemen, gurean, dena erlatibizatu egin da, eta ez zait gustatzen. Alde horretatik, musulmanak eredu izan daitezke guretzat. Adibidez, gurean Jaungoikoa birao bezala erabiltzen dugu, eta musulmanei ulertezina egiten zaie hori.
- Gogorra egin al zitzaizun Aljeriatik alde egitea?
Beno, astia izan nuen prestatzeko. Baina niri egitasmo berriak gustatzen zaizkit; ez daukat egindakoari begiratzeko joera, eta, alde horretatik, ez zitzaidan gogorra egin. Baina beste alde batetik, gogorra izan da lagunak eta lagatzea. Etorri zaizkit bisitan Aljeriako hainbat lagun musulman, eta oso harreman estua daukagu. Han daudenekin ere harremanetan segitzen dut Internet bidez . Urtebete ere ez da itzuli nintzela, eta izan ditut pare bat bisita.
- Zer iritzi duzu Afrika iparraldean gertatzen ari den iraultzaz?
Hortxe daukat pena, Aljerian ez delako gauzatu. Hasi ziren, bizitza garestitu egin dela salatuz. Baina Gobernuak berehala gelditu zuen herri mugimendua, jakien prezioak jaitsiz, eta denak isildu ziren. Pena da, arazoa askoz sakonagoa delako. Tunisian gauza materialez haratago joan zen herriaren eskaria: Eskubideak aldarrikatu zituzten. Baina Aljerian ez. Beste arazo bat ere nahasi da han. Bada eskualde bat, Kabila izenekoa, independentzia aldarrikatzen duena. Gobernuak Kabilako auziarekin lotu zituen herritarren mugimenduak, eta horrela ere gerarazi zuen herria.
- Beste aukerarik izango al da iraultza gauzatzeko?
Egunen batean sortuko da, baina aukera ederra galdu dute.
- Nolako egoeran bizi dira herritarrak?
Ustelkeria handia dago agintarien artean. Herrialde aberatsa da. 150.000 milioi dolar dauzka Aljeriak bankuetan sartuta, petrolioa ere asko dago. Baina ez dute ezer egin industria alternatiboak sortzeko. Diru guztia petroliotik datorkie, baina zenbat iraungo du petrolioak? Eta gero zer? Jauntxo denak militarrak dira, eta inportazioa dute indarra, hortik jasotzen dituzte komisio handiak. Egoera horretan, nola sortuko dituzte, bada, industria berriak?
- Euskal Herrira etorri zara, erretiratuta. Zer Euskal Herri aurkitu duzu?
Politika aldetik gogorkeria handia ikusi izan dut. Bestelakoan, asko kostatzen zait ulertzea aberats bizi garela, eta ez garela ohartzen; munduaren zati handi bat oso pobrea da. Kalterako da aberastasuna erakusten jardutea... Nola ez dira etorriko etorkinak hemen ederki bizi garela erakusten bazaie? Ekonomialari adituek esaten dute atzerantz joan behar dugula, azkarregi eta gehiegi hazi garela. Oreka behar du munduak. Globalizazioarekin jai dago; munduak ez dauka etorkizunik. Espainian langabezia %20koa da, adibidez. Afrikan gertatzen ari denari begira ari gara, baina ez gara konturatzen hemen ere lehertuko dela egunen batean hau dena. Krisia aukera ederra izan da gauzak aldatzeko, baina ez gara konturatu ezin dugula horrela segitu. Ondoegi bizi gara. Zain gaude krisi hau gainditzeko, lehenera joateko berriz, eta horrela ezin da.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide